Gizartea -

Eustat

65 urtetik gorako 10 pertsonako 20 urtez azpiko 8 daude EAEn

Euskadin bizi diren herritarren % 22,5ek 65 urte edo gehiago dituzte; beraz, biztanleria "zahartzen ari da pixkanaka". Adineko pertsonak, oro har, oso pozik daude beren bizitzarekin. Gizonek osasun-pertzepzio hobea dute emakumeek baino, baina emakumeak sei urte gehiago bizi dira, batez beste.

Pertsona nagusiak berriketan kalean. EFE
Pertsona nagusiak berriketan kalean. EFE
65 urtetik gorakoak gizartearen % 22,5 dira eta asko aktibo bizitzen saiatzen dira

1:17

O. P. |Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn bizi diren pertsonen % 22,5k 65 urte edo gehiago ditu eta 65 urtetik gorako 10 pertsonako 20 urtez azpiko 8 daude, belaunaldi-erreleboa; beraz, 0,8koa da EAEn. Horrek esan nahi du "biztanleria zahartzen doala pixkanaka", Eustat Estatistikaren Euskal Institutuak azaldu duenez. 

Gaur, urriak 1, ospatzen den Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunaren harira, Eustatek 2021eko adineko pertsonen panorama estatistikoa kaleratu du. Azken urteetan egin diren estatistika-lanen daturik eguneratuenak bildu dituzte bertan, bost arlo jakinetan: Demografia, Bizitza Ekonomikoa, Osasuna, Eguneroko bizitza eta Gizarte-babesa. 

Azaldu dutenez, demografiari dagokionez, 2020ko urtarrilaren 1eko datuek erakusten dute Euskal Autonomia Erkidegoan 65 urte edo gehiagoko 484.364 pertsona bizi direla, biztanleria osoaren % 22,5. Horietatik 284.126 (% 57,5) emakumeak dira eta 210.238 (% 42,5) gizonak. Lurraldeka, Bizkaikoa da populaziorik zaharkituena, eta Arabakoa, berriz, gazteena. 

Belaunaldi-erreleboari dagokionez, 20 urtez azpiko eta 64 urtetik gorako biztanleen proportzioa 0,8koa da, eta horrek biztanleriaren zahartzea erakusten du. Aldea nabarmenagoa da emakumeen artean; izan ere, emakumezkoen bizi-itxaropena (86,6 urte) gizonezkoena (80,8) baino handiagoa izanik, emakumezko gehiago dago 65 urtez gorakoen multzoan, gizonezkoak baino. 

Pentsio desberdinak generoaren arabera

Bizitza ekonomikoari buruz bildutako datuek erakusten dutenez, erretiroaren ostean handitu egiten da batez besteko errentaren aldea generoaren arabera, nahiz eta gero alde hori murriztu egiten den alarguntza-pentsioak gehitzen direnean. 

Errenta pertsonalari eta familia-errentari dagokionez, erkidegoan bizi diren 18 urteko eta gehiagoko biztanleek batez beste 21.458 euroko errenta pertsonala jaso dute 2018an; gizonen kasuan, 26.930 eurokoa da batezbestekoa, eta emakumeen kasuan, berriz, 16.416 eurokoa. Alderik handiena 65 eta 69 urte bitartekoen artean dago, gizonek emakumeek baino 15.380 euro gehiago jasotzen baitituzte.

65 urteko eta gehiagoko pertsonen kolektiboaren errenta, batez ere, erretiro-pentsioetatik eta beste gizarte-prestazio batzuetatik dator, eta askoz gutxiago kapital-errentetatik. Jarduera- edo lan-errentetatik eratorriak, berriz, ia deusezak dira.

65 urteko eta gehiagoko gizonen batez besteko errenta gutxitu egiten da adinean aurrera egin ahala; hau da, zenbat eta adinean aurrerago, orduan eta txikiagoa dute errenta; 80 urtetik gorako emakumeei, berriz, batez besteko errenta horiek zertxobait igotzen zaie alarguntza-pentsioak kobratzearen ondorioz.

Eustaten arabera, erretiro-adinaren ostean, batez besteko errenta pertsonalean "areagotu egiten da genero-desberdintasuna", nahiz eta alarguntza-pentsioak gehituta arindu. 

Emakumeek osasunarekiko pertzepzio okerragoa dute

Horrekin batera, osasun onaren pertzepzioak adierazten du zenbat eta urte gehiago izan orduan eta osasun txarragoa hautematen dela, eta emakumeen osasun onaren pertzepzio hori gizonena baino 10 puntu txikiagoa dela. Gainera, euren jarduerak kronikoki mugatuta dituzte 75 urtetik gorako emakumeen % 35,8k eta adin bereko gizonen % 26,1ek.

Euskadiko ospitaleetan 247.502 ospitaleratze izan ziren 2019an, eta ospitaleratutako pertsonen % 51k 65 urte edo gehiago zituzten. Hilkortasunari dagokionez, 2020an 24.247 pertsona hil ziren EAEn, 12.056 gizon eta 12.191 emakume.

Batez beste, gizonak 77,8 urterekin hil ziren, eta emakumeak 84,2 urterekin, eta 3.096 pertsona hil ziren 2020an covid-19aren ondorioz, guztizkoaren % 12,8. Arrazoi horrengatik hildako gizonen kopurua emakumeena baino handiagoa izan zen, 1.582 eta 1.514, hurrenez hurren. Covid-19ak hildakoen % 72,8k 80 urtetik gora zituzten. 

Bizitzarekiko asebetetze maila ona

Eguneroko bizitzari dagokionez, adineko pertsonak oro har oso asebeteta sentitzen dira euren aisialdiarekin eta bizitza pertsonal eta sozialarekin. 2020an 65 urteko eta gehiagoko biztanleek 10etik 7,53 puntu ematen dizkiote bizitzarekiko gogobetetasun mailari, eta aisialdiarekiko asebetetze mailari 7,76koa. Aldiz, 35 eta 49 urte bitartekoek egiten dute baloraziorik txikiena (6,09).

Euskadiko adinekoen % 30,1ek egiten du turismoa EAEn, eta, urteko sasoia kontuan hartuta, Aste Santuan 60 urtetik gorakoen % 20,5ek egiten du urismoa  eta % 28,8 udan.

Egoitza-zentro gehiago eta emakume gehiago horietan

Gizarte-babesari dagokionez, adinean aurrera egiten duten heinean gero eta emakume gehiago daude egoitzetan, eta 25 urtetan, 1994tik 2019ra, adinekoentzako egoitzen kopurua hirukoiztu egin da: 153 zentro izatetik 448 izatera igaro da Euskal Autonomia Erkidegoan (158 titulartasun publikokoak eta 290 pribatuak). Eguneko zentroei dagokienez, kopuruak % 45 egin du gora, 514 zentro daude. 2019an egoitzak erabili zituzten 18.885 adinekoetatik, hamarretik zazpi emakumeak izan ziren.

Diru-sarrerak bermatzeko prestazioei dagokienez, 2019an 51.315 pertsonek jaso zuten oinarrizko errenta; horietatik 10.841 65 urtetik gorakoak ziren, guztizkoaren % 21, eta hamarretik zazpi emakumeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken albisteak Urkullu Gizarte zerbitzuak berriak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Pentsioak Euskal Estatistika Erakundea gaur Euskadiko adinekoak