Gizartea -
Koronabirusa
Hondarribiko "ez jaietan" autobusetan istiluak izan direla salatu dute
Gizalegearen aurkako jarrerak deitoratu dituzte, hala nola borrokak autobus barruan, musukoak ez erabiltzea eta txartelak ordaintzeari uko egitea.
Agentziak | EITB Media
Rafaela Romero Gipuzkoako Mugikortasun diputatuak astearte honetan salatu duenez, Lurraldebuseko E25 lineako autobusetan istiluak izan dira Hondarribian. Hain zuzen ere, diputatuak gizalegearen aurkako jarrerak deitoratu ditu, hala nola borrokak autobusaren barruan, musukoak ez erabiltzea eta txartelak ordaintzeari uko egitea.
Istiluok 06:00ak eta 08:30 artean gertatu dira; izan ere, ordu horietan, "jende asko" zebilen kostaldeko herri horretan, gaua parrandan eman ostean, nahiz eta ospakizun guztiak bertan behera utzi dituzten covid-19aren pandemia dela eta.
Foru Aldundiko arduradunak "errespetua" eskatu du "egunero lan egitera edo ikastera doazenen mugikortasunerako eskubidea bermatzen duen zerbitzu baterako, ez bakarrik Hondarribian, baita inguru osoan ere".
Halaber, "errespetua" eskatu die "Lurraldebuseko profesionalentzat, egoera guztiz desegokiak kudeatu behar izan dituztelako".
Aldundiak aztertu egingo du gertatutakoa, Hondarribiko Udaltzaingoarekin elkarlanean, datozen egunetan arazoak saihesteko; izan ere, herrira jende asko gerturatzea aurreikusi dute.
Romerok azaldu duenez, neurriak hartuko dituzte "herriko lineetan zerbitzua bertan behera ez uzteko".