Gizartea -
Protestak
Osasun ziurtagiriaren kontrakoek laugarren larunbatez hartu dituzte Ipar Euskal Herriko kaleak
Astelehenetik aurrera osasun ziurtagiria derrigorrezkoa izango da Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Besteak beste, pasea aurkeztu beharko dute taberna edo jatetxeetara joateko,ospitaleetara sartzeko edo eta herrialde barruan bidaiatzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Osasun ziurtagiriaren eta Frantziako Gobernuak covid-19aren pandemiaren bosgarren olatuari aurre egiteko hartutako neurrien aurka daudenek laugarren larunbatez hartu dituzte Ipar Euskal Herriko eta Frantziako kaleak.
Polemika handia piztu du neurri horrek. Besteak beste, astelehenetik aurrera pasea aurkeztu beharko dute taberna edo jatetxeetara joateko,ospitaleetara sartzeko edo eta herrialde barruan bidaiatzeko.
Uztailaren 21etik, txertaketa-pauta osoa duela edo kutsatuta ez dagoela ziurtatzen duen dokumentu hori derrigorrezkoa zen kultur etxeetan sartzeko, baina astelehen honetatik, abuztuaren 9tik, haren eskakizunak askoz ere gehiago markatuko du herritarren egunerokotasuna.
Baliozkotutako lege-proiektuak, halaber, gehienez ere urriaren 15erako erabat txertatuta egotea eskatzen die osasun-langileei.
Protesta ugari
Frantzia osoan, 150 hiritan, tartean Baionan, Donibane Garazin eta Hendaian, manifestazioak egin dituzte. Parisen lau izan dira protestak, oro har, osasun-krisiaren kudeaketaren aurkariak deituta.
Frantziako Barne Ministerioaren zenbaketaren arabera, 237.000 manifestari atera dira kalera Frantzia osoan, eta 17.000 Parisen. Baionako kasuan, 3.000 pertsona inguru atera dira kalera.
Segurtasun indarrek 35 atxiloketa egin dituzte Frantzian eta zazpi agente zauritu dira, baina ez da aparteko istilurik izan.