Gizartea -
Koronabirusa
Kantabriak eta Kataluniak etxeratze-agindua ezarri nahi dute; Kanarietan Justiziak arbuiatu egin du
Valentziak, aldiz, auzitegien baimena erdietsi du etxeratze-agindu selektiboa indarrean jartzeko.
EITB Media
Kantabriak eta Kataluniak euren lurraldeetan etxeratze-agindua ezartzea eskatu dute, kontuan izanik Estatuan azken egunotan kutsatze-kasuak gero eta anitzagoak direla. Neurria auzitegiek baimendu behar dute, eta, testuinguru horretan, Kanarietan Justiziak ez du abalik eman gaueko mugikortasunari mugak ipintzeko.
Valentziak, aldiz, etxeratze-agindu selektiboa ezarri du 32 udalerritan, eta autonomia-erkidego horretako Justizia Auzitegi Nagusiak abala ematea ebatzi du. Hain zuzen ere, Generalitatek 01:00etatik 06:00etara artean ezarri du etxeratze-agindua, epidemiologia-arriskurik handiena duten 5.000 biztanletik gorako 32 udalerritan.
Kantabriak eskatu egin du
Kantabriako Osasun Sailak baimena eskatuko die auzitegiei 01:00etatik 06:00etara arteko etxeratze-agindua ezartzeko 53 udalerritan, tartean handienetan, hala nola Santander, Santoña, Laredo, Torrelavega eta Castro Urdialesen. Gainera, ordutegi horren barruan, bilerak sei lagunetara mugatuko dituztela aurreratu dute, betiere bizikideak ez direnean.
Halaber, ostegunetik, debekatu egingo dute 20:00etatik aurrera alkohola kanpoan kontsumitzeko salmenta establezimendu guztietan. Hala iragarri du gaur Miguel Rodriguez Osasun ministroak prentsaurrekoan.
Azaldu duenez, bigarren neurri horrek "iraupen mugagabea" izango du, eta Kantabriaren bilakaera epidemiologikoaren araberakoa izango da; gaur, 100.000 biztanleko 527 kasu daude metatutako 14 egunean. Etxeratze-aginduaren kasuan, neurri horrek 14 egun iraungo luke, agintari judizialek hala onartzen badute.
Murrizpenok ezarri nahi dituzten udalerriak hautatzeko, bost adierazle hartu dituzte kontuan: eragin globala, atalasea 125 kasutan jarrita; 15 eta 25 urte bitarteko populazioan zazpi egunean metatutako intzidentzia, "transmisioan gehien laguntzen duena baita", 500 kasuko muga jarrita; 40 urtetik gorakoetan zazpi egunean dagoen intzidentzia, 125ko atalasearekin; delta aldaeraren kasu kopurua, "transmisio handikoa delako"; eta proben positibotasuna, muga % 15ean jarrita.
Hala, murrizketak aplikatuko dituzte adierazle horietako bi gainditzen dituzten 5.000 biztanletik gorako udalerrietan eta hiru gainditzen dituzten 5.000 biztanletik beherakoetan.
Kataluniak dekretatu egin du, baina Justiziak ez du ebazpenik eman
Katalunian, Generalitatek, asteazken honetan, beste etxeratze-agindu bat dekretatu du; printzipioz, 15 egunerakoa izango da, eta pandemiaren bilakaeraren arabera egokituko dute, kutsatzeei aurre egite aldera. Nolanahi ere, gaueko mugikortasunerako muga horrek Kataluniako Auzitegi Nagusiaren abala behar du.
Bideoa | Generalitateak etxeratze agindua ezarri du Kataluniako hainbat hiri eta herritan
Fernando Lopez Miras Murtziako presidenteak ere ohartarazi du etxeratze-agindua aukera dela, baldin eta kutsatzeen kopuruaren hazkunde handiak bere horretan jarraitzen badu.
Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiak ez du etxeratze-agindua ezarri nahi
Bien bitartean, Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiak ukatu egin du tokiko Gobernuak herritarren mugikortasuna mugatzeko egindako eskaera, 00:30etik 06:00etara, 3. edo 4. alerta maila duten uharteetan.
Agintari judizialak baztertu egin du proposamena, eta argudiatu du neurria ez dagoela "behar bezala justifikatuta".