Gizartea -
LGTBI LEGEA
Bea Sever: “Adingabeei dagokienez, trans lege berria atzerapausoa da”
Trans legearekin 14 urtetik gorakoek sexua aldatu ahalko dute erregistroan, medikuaren txostenik edo tratamendurik gabe. Orain arte, epai batek 11 urtekoei ere aldaketa egitea ahalbidetzen zien.
Onintza Aiestaran | EITB Media
Espainiako Ministroen Kontseiluak astearte honetan onartuko du trans eta LGTBI legeak bateratzen dituen aurreproiektua. Berritasun nagusiena denak Erregistro Zibilari eragiten dio. Horren arabera, 14 urtetik gorakoek beren sexua aldatu ahalko dute Erregistro Zibilean, medikuaren txostenik edo tratamendurik behar izan gabe. Horretarako nahikoa izango da pertsona horrek aldaketa egiteko nahia adieraztea. Naizen Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako adingabe transexualen familien elkartetik salatu dutenez, adingabeei dagokienez atzerapausoa da. Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak 2019an emandako epai batek aukera hori aitortzen die, zenbait kasutan, 11 eta 12 urtekoei ere.
Naizen elkarteko bozeramaile den Bea Severren esanetan, legeak ekarriko duen aurrerapauso bakarra 14 urtetik gorakoei norbere identitatearen autodeterminazioa aitortzearena da.
Arau berriak hiru adin tarte zehazten ditu: 12 urtetik beherakoak, 12 eta 14 urte artekoak eta 14 urtetik gorakoak. Lehendabizikoek ez dute autodeterminazio eskubiderik izango (izena aldatu ahalko dute), bigarrengoek epaitegietako onespena beharko dute eta hirugarrengoek, ostera, nahikoa izango dute beren sexu identitatea zein den adieraztearekin. Dena dela, 16 urtez azpikoek gurasoen baimena ezinbestekoa izango dute.
Interesa duen pertsonak Erregistro Zibileko funtzionarioaren aurrean agertu beharko du hiru hilabetera berriro erabakia berresteko eta gauzatzeko.
Bea Sever lege aurreproiektua lantzen aritu da beste kolektibo batzuetako kideekin eta Espainiako Gobernuko ordezkariekin batera. Azkenean ez da ordea trans lege espezifiko eta integralik onartuko eta, besteak beste, horregatik etsipena agertu du Naizen elkarteko ordezkariak.
PSOEren eta Unidas Podemosen arteko gobernu akordioaren arabera bi lege izan behar zutenak, trans legea batetik eta LGTBI legea bestetik, bakar batean bildu ditu Espainiako Gobernuak.