Gizartea -
Koronabirusa
Musukoa ez da derrigorra izango aire librean hilaren 26tik aurrera Espainian
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak iragarri du ostegunean ministroen kontseiluan hartuko dutela erabakia, eta larunbatean sartuko dela indarrean neurria.
E. G. | EITB MEDIA
Badago data: ekainaren 26a, larunbatarekin. Egun horretatik aurrera musukoa ez da derrigorrezkoa izango Espainiako Estatuan. Hala iragarri du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak. Horrenbestez, aire zabalean maskararik gabe ibili ahalko dira Hego Euskal Herriko biztanleak. Ipar Euskal Herrian ekainaren 17tik da horrela.
Sanchezek Bartzelonan egin du iragarpena Kataluniako enpresaburuen batzarrean. Azaldu duenez, ostegunean, hilaren 24an, ministroen kontseilua deituko du eta bertan hartuko dute erabakia. Dena dela, neurria larunbatean sartuko da indarrean.
"Hauxe izango da aire zabalean maskara jantzita ibili beharko garen azken asteburua", nabarmendu du Espainiako presidenteak. Musukoa aire zabalean kentzea posible izango da, haren hitzetan, ezarritako helburu guztiak betetzen ari direlako.
"Gure kaleak, gure aurpegiak, beren itxura normala berreskuratzen hasiko dira datozen egunetan", gehitu du Pedro Sanchezek.
Gaur goizean, Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan argi eta garbi azaldu du bere bide-orria. Urkullu itxaropentsu mintzatu da, egoerak neurriak malgutzeko aukera ematen duelako. Gaineratu duenez, berandu baino lehen etor liteke maskararen erabilera arintzea.
Nafarroako Gobernuak ere maskararen erabilera arintzea aurreikusi du eta esana zuen uztailetik aurrera bere erabilera malgutuko zela kanpoaldean.
Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera, "desberdindu egin behar da kanpoaldea eta barrualdea. Kanpoaldean musukoa erabiltzeko askatasuna ematen bada, kontuan hartu behar da kanpoan jende kopuru bat bilduz gero, beharrezkoa izango litzatekeela. Eta beharrezkoa izaten jarraituko duela barrualdean".
Gainera, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak kanpoaldean musukoak kanpoaldean derrigorrezkoak izateari utziko diotela iragartzeko erabili duen "modua" deitoratu du Urkulluk. Zentzu horretan, "oraindik irmoak ez diren eta Lurralde arteko Osasun Batzordean eztabaidatu beharreko proposamenak" komunikabideen bidez jakitera ematea kritikatu du EAEko buruzagiak.