Gizartea -

KORONABIRUSA

Gaur elkartuko da LABIren Aholku Batzordea neurriak arintzeko

Teknikariek oniritzia ematen badute, Jaurlaritzak ostalaritzako ordutegiak luzatuko ditu eta txokoei eta sozietateei zabaltzeko baimena emango die. Gaueko aisialdia da zalantza nagusia.

LABI instituzionalaren bilera. Argazkia: EFE
LABI instituzionalaren bilera.
Neurri murriztaileak arindu ahal izatea espero du Jaurlaritzak

1:17

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LABI teknikoaren txostena mahai gainean dutela, gaur elkartuko da LABIren Aholku Batzordea, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela. Koronabirusagatik egun indarrean dauden neurri murriztaileak arinduko ditu. Bizi Berri III planari jarraituz, ostalaritzako ordutegiak luzatuko ditu (01:00ak arte) txokoak eta elkarte gastronomikoak zabaltzea ahalbidetuko du eta kirol ekitaldietan publikoa izatea baimenduko du eta kultur jardueretako edukierak handituko ditu. Hala ere, ez dago argi gaueko asialdiarekin zer gertatuko den. Neurri berriak datorren astean sartuko dira indarrean.

LABIren Aholku Batzordearen bilera 16:30ean hasiko da eta ondorengo prentsaurrekoa zuzenean jarraitu ahalko da eitb.eus-en.

Eusko Jaurlaritzak ezer aurreratu ez badu ere, neurri murriztaileak arinduko dituztela espero da; izan ere, duela hiru aste iragarri zuten intzidentzia-tasa metatua 150 kasutik behera dagoenean hala egingo zutela.

Plan horren arabera, establezimenduak ixteko eta jarduerak amaitzeko ordutegiak 01:00ak arte luzatuko dituzte eta tabernetan eta jatetxeetan sei pertsona eseri ahalko dira mahai bakoitzean. Halaber, txokoak eta elkarte gastronomikoak irekiko dituzte eta kirol ekitaldietan ikusleak egotea baimenduko dute.

Alabaina, gaueko aisialdiarekin zer gertatuko den ez dago argi. Alerta mailaren bi fasean, hots, egungo osasun-egoeran, gaueko tabernak eta diskotekak irekitzeko aukera aztertuko dela aurreikusten du Bizi Berri III planak, baina lehendakariak ez zuen establezimendu horiei buruzko aipamenik egin duela hiru egin zuen agerraldian etorkizunean har zitezkeen neurriak aipatzerakoan.

Atzo, Bingen Zupiria Kultura sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ez zuen ezer argitu. LABI batzordeko adituek osasun egoeraren "bilakaera ona" baieztatzea espero zuela esan zuen, "neurriak arindu ahal izateko, datozen asteetan bizitza soziala neurri batean zabaltzea ahalbidetuz".

Zupiriak gogorarazi zuenez, lehendakariak "iragarri zuen kutsatzeek eta ospitaleratzeek beheranzko joerari eusten bazioten, eta txertatutako biztanleek gora egiten bazuten, posible izango zela, bizi izan dugun murrizketa egoera zertxobait arinduko duten neurriak hartu ahal izatea".

Gasteizko Gobernuak aste honetan azaldu duenez, ez zuen pandemiaren kontrako osasun neurriak arintzeko asmorik, 100.000 biztanleko 14 egunetan pilatutako eragina 150 kasuen azpitik mantentzen dela baieztatu arte. EAEko intzidentzia metatuak bi egun daramatza kopuru horretatik behera, eta, kutsatze maila txikia dela eta, litekeena da datozen egunetan behera egiten jarraitzea.

Txoko eta elkarte gastronomikoak irekiera prestatzen hasi dira
Txoko eta elkarte gastronomikoak irekiera prestatzen hasi dira
Txoko eta elkarte gastronomikoak irekiera prestatzen hasi dira

1:19
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa