Gizartea -

Koronabirusa

Simon: "Oso litekeena da egun gutxian musukoaren erabilera arintzea kanpoalderako"

Fernando Simonek iragarri du oso litekeena dela musukoaren erabilera arintzea kanpoko eremuetan, datuak hobera egin dutela eta txertaketa kanpaina ondo doala kontuan hartuta.

Fernando Simon. Argazkia: EFE
Fernando Simon.
Fernando Simon. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdietarako Koordinazio Zentroaren koordinatzaileak iragarri du oso litekeena dela musukoaren erabilera arintzea kanpoko eremuetan, pandemiaren bilakaera hobera egiten ari dela eta covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina ondo doala kontuan hartuta.  

"Egia da aire librean neurri batzuk, tartean maskaren erabilera, arintzea egun gutxitan, baina aurrez arriskuak murriztu direla baieztatu behar dugu", adierazi du Osasun Ministerioaren epidemiologoak arratsaldean egin duen agerraldian.  

Ez du datarik aurreratu nahi izan, baina txertaketa kanpaina ondo doala eta kutsatzeen kopuruak beherako joeran jarraitzen duela ikusita, erabaki hori azkar har dezaketela iradoki du.

"Ez da ona datarik aipatzea, baina egungo datuak kontuan hartuta, hala izango dela aurreikusten dugu. Bilakaera oso ona da eta txertaketa oso ondo doa. Hilabeteren buruan neurri batzuk arintzeko moduan egongo gara, beste batzuk mantendu beharko ditugu arren. Baina argi izan behar dugu pausoz pauso joan behar dugula", azaldu du.

Horrela, bada, oraindik une hori iritsi ez dela azpimarratu du: "Norbera babesteko neurriak arintzea ahalbidetzen duten daturik ez dugu oraingoz".

"Zuhurtziaz jokatu behar dugu eta ez gara azkarregi joan behar. Egin beharreko bidea argi izan behar dugu eta pausoak ez ditugu arinegi eman behar", erantsi du.

Bere iritzian, autonomia erkidegoetan intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 150 kasutik behera dagoenean izan daiteke musukoaren erabilera arintzeko unerik egokiena. "Horrek jarraibideen dokumentua eguneratzea ekarriko luke. Laster egoera horretan gaitezke, baina esandakoa, urratsez urrats joan behar dugu", nabarmendu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Maskarak