Gizartea -
BIZKAIA
Desokupa enpresak atzeratu egin du Zazpikaleetan egitekoa zuen etxegabetzea
Eskuin muturrarekin lotutako Desokupa enpresak jakinarazi duenez, jabekideak errepresalien beldur direlako utzi dute bertan behera etxegabetzea. Zazpikaleetan mobilizazioak deitu dituzte.
EITB MEDIA
Zenbait iturrik eskuin muturrarekin lotzen duten Desokupa enpresak atzeratu egin du asteazken honetan Bilbon egitekoa zuen etxegabetzea. Zazpikaleetan aurreikusita zegoen etxegabetze horren aurrean, AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak eta beste zenbait eragilek mobilizatzeko deia egin zuten. Ildo horretan, "gosari antifaxista" antolatu dute Unamuno plazan, 07:30etik 11:30era. Azken orduko erabaki horren ondotik, arratsaldean berriro elkartuko dira Unamuno plazan egoera zein den aztertzeko.
Desokupa enpresak sare sozialetan zabaldutako bideo baten arabera, gerta zitekeenaren "beldur" erabaki du jabeak atzera egitea.
Bideo horretan Desokupako kide batek ziurtatu duenez, autoz Bilbora bidean zirela jabeak deitu die Zazpikaleetan izugarrizko polizia-operazioa zegoela eta beldurra zuela esanez. Hala eta guztiz ere, "egoera lasaiagoa denean" itzuli egingo direla ziurtatu dute.
"Gosarian" parte hartu duenetako batek Euskadi Irratiari azaldu dionez, "herri harresia" egin nahi zuten Desokupak kaleratzea gauzatu ez dezan. "Etxebizitza eskubidea bermatu behar da", nabarmendu du.
Gaur goizean Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketan Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburua honela mintzatu da Desokupa enpresaren inguruan: "Orain arte dagoena sareetako kulebroia da".
Ixusko Ordeñana EHUko Zuzenbide Prozesaleko irakasleak Euskadi Irratian adierazi duenez, "Desokupa bezalako plataformak legezkoak dira baina lege-mugaren ertzean dabiltza". Haren esanetan, "juridikoki ondo aholkatuta" dauden enpresak dira, eta "kamerak eramaten dituzte balizko epaiketa batean bere jarduna legezkoa dela frogatzeko".
Manifestazioa Zazpikaleetan
Halaber, atzo arratsaldean manifestazioa egin zuten Zazpikaleetan barrena Desokuparen jazarpena eta probokazioak salatzeko eta etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko.
Horrez gain, astelehenean beste kaleratze bat egin zuten Basurtun. Basurtuko Gazte Asanbladak zabaldutako informazioaren arabera, 09:30ean Desokupa enpresako sei kide auzoko lonja batera sartu ziren, Udaltzaingoarekin batera, eta, mehatxuen bidez, bertan zeudenak aterarazi zituzten. Gainera, ez zieten utzi bertan zituzten ondasunak ateratzen.
Beste etxegabetze bat Zazpikaleetan
Bestalde, Bilboko Udaltzaingoak apirilaz geroztik okupatuta zegoen Askao kaleko Arrakala Auzo Etxea hustu zuen astearte goizaldean, agindu judiziala betez. Ertzaintza ere bertaratu zen.
01:30 aldera sartu ziren Askao kaleko 27. zenbakira, eta bertan zeuden bi pertsona identifikatu zituzten.
Udalak ohar baten bidez azaldu zuenez, etxegabetze horrek ez du zerikusirik Desokupa enpresak gaurko iragarritakoarekin.