Gizartea -

Bullyinga

Jazarpena, eskolan eta gelatik kanpo: sistema adin txikikoak babesteko gai ez denean

Eskola Jazarpenaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Goikoana Barcinak eta Amaia Diezek, Arnastu elkarteko langileak biak, arazoari behar bezala eusteko urruti gaudela azaldu dute.

Egurrezko piezak, aurrez aurre jarrita. Argazkia: Pixabay
Egurrezko piezak, aurrez aurre jarrita
Egurrezko piezak, aurrez aurre jarrita. Argazkia: Pixabay

Berezi Fernandez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnastu, eskola jazarpenaren biktimei babesa eskaintzen dien elkartea, 2015eko urrian sortu zen. Ordutik, sostengua eta arreta eskaintzen diete bullyinga sufritzen duten adin txikikoei, gurasoei edota tutoreei. Gainetik, elkarteak kontzientziazio lana egiten du, "gizarte eragile guztiek eskola jazarpenaren kontrako jarrera izan dezaten", Goikoana Barcina Arnastuko idazkariak eta Amaia Diez elkarteko abokatuak EITB Mediari azaldu diotenez.

Lantaldea hainbat jakintza alorreko profesionalek osatzen dute, eta hezkuntzaren, pedagogiaren, zuzenbidearen eta osasunaren alorretan dihardute. Laguntza eske gerturatzen diren pertsonen profilarengatik galdetuta, Barcinak eta Diezek azaldu dute "oso etsituta" dauden familiak direla, "nola jokatu ez dakitenak" gehienetan. Izan ere, helduak "euren esku dagoen guztia egiten saiatu dira, baina sistemak ez die behar bezala erantzuten", gaineratu dute Arnastuko ordezkariek.

Indarkeria sufritzen dutenekin eta haien gertukoekin lan egiten duten arren, noizbait erasotzaileen familiak ere artatu izan dituztela azaldu dute elkarrizketatuek. Hala ere, egiten duten jardunaren % 80 biktimei bideratuta dago, eta elkarteko ordezkariek diotenez, "gehienetan sendiak urtebete darama arazoari ezin helduta".

Jazarpenak eragiten dituen sintomak

Kasu bakoitzaren neurrira egindako jarraipenari ekin aurretik, "entzute aktiboan eta enpatian" oinarritutako giroa sortzen dute Arnastun, adin txikikoak zein familiak "babestuta eta lagunduta" sentiarazteko. Gero, haurrak dituen arrisku adierazleetan jartzen dute fokua: amets txarrak dituen, eskolara joan nahi ez duela hitzez adierazi duen, somatizaziorik egon den —buruko mina, sabelekoa, antsietate krisiak, jateko arazoak, autolesioak…— edo umea biolentzia sufritzen ari dela iradoki dezakeen beste edozein arrasto dagoen.

Errezeloa ikastetxeen aldetik

Diagnostikoa eginda, Arnastuko profesionalek haurrak duen babes sarea aztertzen dute eta protokolo bat sortzen diote propio, umearen beharretan oinarrituta eta ikastetxea jakinaren gainean jarrita.

Elkartearentzat hezkuntza arloko eragileekin harreman naturala izatea ezinbestekoa den arren, "zentroetan presenteago egotea" gustatuko litzaieke. Izan ere, Barcinak eta Diezek azaldu dutenez, horietako asko "ez daude prest elkarlanean aritzeko eta kolaborazioa errefusatu egiten dute, ulertezinak zaizkigun arrazoiak tarteko". Elkartearen asmoa kooperatzea eta haurrarentzat babesleku konpartituak sortzea den aldetik, ez dute ulertzen sarritan hezkuntza formalaren eskutik jasotako erantzuna.

Sare sozialak, inpunitatea eta arduraz jokatu beharko luketen gurasoak

Arnasturen laguntza jasotzen duten biktimak zein erasotzaileak aro digitalaren seme-alabak direla kontuan hartuta, sare sozialek berebiziko garrantzia dute eskola jazarpenaren egungo mapan. Bada, Barcinak eta Diezek nabarmendu dute erasoak ikastetxeetan hasten direla, baina askotan sare sozialetara ere hedatzen direla. Hala, "biktima babesik gabe dago eta eguneko edozein ordutan indarkeria sufritzeko arriskua du. Horrek egoera erabat zailtzen du, baita arazoa esponentzialki larritu ere". Gainera, erasotzaileek "inpunitate sentsazioa dute, anonimotasun faltsuaz baliatzen direnetan batez ere", agertu dute elkarteko ordezkariek.

Sare sozialak zentzuz eta arduraz erabiltzeko, elkarrizketatuen ustez "ez du ezertarako balio haurrak kontzientziatu nahi izatea, lezio hori gizarte moduan egindako hausnarketa sakonago baten ondotik ez badoa". Hartara, helduen laguntza beharrezkoa dela azpimarratu dute: "12 urteko haur bati mugikor bat emanda ezin dugu pentsatu zuzen jokatuko duenik, helduok halako jarrerak ez ditugunean".

"Eskola jazarpenak oinarrizko eskubideak urratzen ditu"

Helduok eta gizarteak, oro har, etorkizunera begira ditugun erronkei begira, ikasgeletan haurrek sufritzen duten indarkeriari aurrez aurre begiratzea da, Arnasturen esanetan, irtenbide bakarra. "Jazarpenak eragiten dituen ondorioei neurria hartzeko bidetik oso urrun gaude", azpimarratu dute Barcinak eta Diezek: "Elkarbizitza bera ere ikasketa prozesu bat da, eta haur askok ikasi dute makur eta menpeko agertzea dela bizirauteko modu bakarra, alegia, taldean estatus bat lortzeko egin beharrekoa".

Horrenbestez, Goikoana Barcinak eta Amaia Diezek berretsi dute bullyingaren arazoari ez zaiola oraindik behar bezala heldu, eta premiazkotzat jo dute honakoa gogoraraztea: "eskola jazarpenak oinarrizko eskubideak urratzen ditu, tratu txarrak dira eta ez dira haurren kontuak".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Umeak