Gizartea -
Iruñea
Sanferminak bertan behera geratu dira, bigarren urtez jarraian, covid-19a dela eta
Enrique Maya Iruñeko alkateak eman du erabakiaren berri, Udaleko Bozeramaileen Batzordearekin bildu eta San Fermineko Mahaian jakinarazi ostean. Chivitek bat egin du "erabaki arduratsuarekin".
E. G. | EITB MEDIA
Enrique Maya Iruñeko alkateak gaur jakinarazi duenez, bigarren urtez jarraian bertan behera geratu dira sanferminak, covid-19ak eragindako osasun egoera tarteko.
Alkateak berak eman du erabakiaren berri, Udaleko Bozeramaileen Batzordearekin bildu eta San Fermineko Mahaian jakinarazi ostean.
Esperotako erabakia zen, pandemiak eraginda, zaila zelako San Fermin jaien tankerako festa jendetsurik egitea. Mayak berak hala aitortu zuen pasadan astean Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean. "Sanferminak elkarrekin eta besarkatuta egoteko dira eta gaur gaurkoz ez da posible txupinazoa, entzierroak eta zezenketak egitea", esan zuen.
Gaurko agerraldian adierazi duenez, jaiak bertan behera uztera "behartuta" egon da. Dena dela, azpimarratu du horrek ez duela esan nahi Iruñean ekitaldirik egongo ez dela. Hala, esan du laster iragarriko duela udarako prestatu duten "kultura, kirol eta aisiladi programazio oso eta segurua".
Mayak gogorarazi duenez, Espainiako Estatuan koronabirus intzidentzia altuena duen erkidegoetako bat da Nafarroa: "Azken 14 egunetan 432 kasu izan ditugu 100.000 biztanleko. Laugarren alerta mailan gaude, eta 200 gaixo ditugu gela arruntetan, ZIUn, 39".
Bien bitartean, esan du txertaketa erritmoa "aurreikusitakoa baino motelagoa" dela. "1.000 lagunetik 202k bakarrik jaso dute dosi bat, eta 1.000tik 83k, biak. Ekainean biztanleriaren % 70 babestuta egongo zela esaten ziguten, horregatik erabakia ja hartu behar genuen, nahiz eta mingarria izan, bi hilabete baino ez direlako falta San Fermin jaietarako", gaineratu du.
Alkatearen arabera, "sanferminak moduko jai batzuk ez dira egun batetik bestera antolatzen, pertsona eta erakunde asko daude tartean. Ostegunean bilera izan genuen Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Herri eta Kontzejuen Federazioarekin, eta denok bat egin genuen erabakia berehala hartu behar zela".
Aitortu duenez, "oso gogorra da Iruñeak bi urte egotea San Fermin jai barik. Ez nuen uste halakorik gertatuko zenik. Baina erabakia hartu behar genuen eta osasuna da lehentasuna, hori erantzukizuna da. Erabaki gogorra da, sentimenduei eragiten die. Baina ziur naiz 2022an sanferminak izango ditugula berriro, betiko alaitasuna halako hirurekin".
Chivitek bat egin du "erabaki arduratsuarekin"
Maria Chivite Nafarroako presidenteak uste du sanferminak bigarren urtez jarraian bertan behera uztea "erabaki arduratsua" izan dela eta Iruñeko alkateak "ardura handiaz" jokatu duela, nahiz eta aitortu erabakiak kalte egingo diola "Nafarroa osoko" ekonomiari.
Chiviteren esanetan, Enrique Mayak "ardura handiz" jokatu du eta "erabaki arduratsua" hartu du, "gauden egoerara egokitua"; izan ere, "ezagutzen ditugun jaiak ez dira posible uneotan", nahiz eta "txertaketa geroz eta azkarrago" egiten ari diren.
Nafarroako presidenteak aitortu du jaiak ez egiteak eragina izango duela ekonomian, "bereziki Nafarroako hoteletan eta ostalaritzan, ez soilik Iruñean", eta "ez da erabaki erraza izan", zeren "nafarrentzat sanferminak nortasunaren parte dira".
Covid-19aren ondorioz ostalaritzaren sektoreak bizi duen une zailari dagokionez, Chivitek gogorarazi du aste honetan oraindik irekita dagoela laguntzak eskatzeko deialdia. Nafarroako Gobernuak 18 milioi euro bideratuko ditu laguntza horietan.
Horrekin batera, Espainiako Gobernuak beste 68 milioi euro emango ditu, baina "ez soilik ostalaritzarentzat", baizik eta pandemiak kaltetutako sektore guztientzat.