Gizartea -
Covid ziurtagiria
EB covid ziurtagiria negoziatzen hasiko da, Pfizerren esperantza guztiak jarrita
Europako helduen % 23,7ak dagoeneko hartu du txertoaren dosi bat eta % 8,7ak, biak, Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroaren datuen arabera.
EITB Media | Agentziak
Europar erakundeek asteon negoziatuko dute covid-19aren txertaketa egiaztagiriaren azken fasea, Europar Batasunak Pfizerren aldeko apustua berretsi eta AstraZenecaren kontrako jarrera indartzen duen bitartean.
Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroaren datuen arabera, europar helduen % 23,7ak dagoeneko hartu du txertoaren dosi bat eta % 8,7ak, biak.
Datorren asteazkenean, Parlamentuak Europar Batzordearen proposamenaren zuzenketak bozkatuko ditu eta Kontseiluarekin dokumentuaren inguruan negoziatzen hasteko moduan izango da orduan. Besteak beste, ziurtagiriak zehaztuko du covid-19aren kontra txertatuta gauden, PCR proba negatiboa izan dugun azken aldian edota antigorputzak ditugun.
Datei begira, Europar Parlamentuak ekaina hasierarako izan nahi du prest proiektua. Hala, hile bukaerarako amaituko dute froga pilotua eta ekaina amaieran protokoloa martxan jartzeko prest izango dute.
Pfizerren aldeko apustu argia eta AstraZenecaren bazterketa
Europar Batzordeak asteon egin du Pfizer-BioNTechen txertoaren aldeko aldarririk nabarmenena, Ursula von der Leyen presidenteak enpresa farmazeutikoak Europan duen lantegirik handienera egin duen bisitaren ondotik.
Bertan, Von der Leyenek azpimarratu zuen 1.8000 milioi dosi erosteko negoziaketetan daudela, 2022 eta 2023 bitartean pandemiari aurre egiten jarraitzeko.
Batzordeak AstraZenecarekin duen jarrera, baina, oso bestelakoa da. Izan ere, entregatzeko orduan izan dituzten atzerapenak eta kontratu hausteak tarteko, lau hilabetez luzatu dira enpresaren eta Bruselaren arteko ika-mikak. Gainera, EBk jakitera eman du AstraZenecaren kontrako demanda prestatzen ari dela.