Gizartea -
KORONABIRUSA
Sendagaien Europako Agentziak gaur jakinaraziko ditu Jansseni buruzko ondorioak
Ameriketako Estatu Batuetan sei tronbosi kasu hauteman ondoren, Europako banaketa geldiarazi du konpainiak.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) Janssen etxearen txertoa jaso duten sei pertsonak odolbildu "arraro eta larriak" izan ostean Janssenen banaketa atzeratu dute, behin-behinean, Europan.
6,8 milioi pertsonak jaso dute Janssen konpainiaren txertoa (Johnsson & Johnsson) eta sei odolbildu atzeman dira. Hala ere, kasu bakan horiek nahikoak izan dira AEBko osasun agintariek aldi baterako txerto hori ez jartzea erabakitzeko.
Sendagaien Europako Agentziak (EMA) gaur emango ditu jakitera Janssen konpainiaren txertoari buruzko ondorioak, eta horren zain daude Europako agintariak txertaketa prozesua azkartu ahal izateko.
EMAk iragan astean iragarri zuen aste honetan egingo zuela balorazio ofiziala, baina bere iritziz txertoaren onurak arriskuak baino handiagoak direla esan zuen.
Dosi bakarreko txertoa da, eta Europar Batasuneko herrialde askok txerto horren zain zeuden txertaketa bizkortzeko. Botika etxe ezberdinek ekoizten badituzte ere, AstraZeneca eta Janssen konpainien txertoek teknika bera erabiltzen dute.
Europako Batzordeak AstraZenecaren txertoaren 400 milioi dosi (pertsona bakoitzak bi behar ditu) eta Janssenen txertoaren 400 milioi dosi ditu aurrez erosita.