Gizartea -
KORONABIRUSA
Pfizerrek covid-19aren txertoak gutxienez sei hilabetez babesten duela baieztatu du
Azterketa horretan kontuan hartu dira saiakuntza klinikoetan parte hartu zuten 46.000 boluntario baino gehiagoren datuak.
I. G. | EITB MEDIA
Pfizer eta BioNTech enpresa farmazeutikoek ostegun honetan jakitera eman dutenez, covid-19aren aurkako txertoak eraginkorra izaten jarraitzen du gutxienez sei hilabetez, bigarren dosia eman eta gero. Gainera, Hegoafrikako aldaeraren aurka funtzionatzen du.
Txertoaren saiakuntzetan parte hartu zuten boluntarioen jarraipenetik atera dira ondorioak, eta orain arte ez dute segurtasun arazo garrantzitsurik erakutsi, enpresek ohar batean azaldu dutenez.
"Aurrerapauso garrantzitsua da orain arteko eraginkortasun handia eta segurtasun datu onak baieztatzea, batez ere epe luzeagorako jarraipenean", adierazi du oharrean Ugur Sahin BioNTecheko buruak.
Enpresen arabera, txertoak % 91,3ko eraginkortasuna erakutsi du covid-19aren aurka, bigarren dosia eman eta sei hilabetera arte, eta % 100eko eraginkortasuna kasu larriak prebenitzeko orduan, AEBetako Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroek zehazten dutenaren arabera.
Gaixotasun larriaren aurkako eraginkortasuna % 95,3koa da, Estatu Batuetako Elikagaien eta Sendagaien Agentziaren definizioa erabiltzen bada.
Azterketa horretan saiakuntza klinikoetan parte hartu zuten 46.000 boluntario baino gehiagoren datuak hartu dira kontuan. Horien artean, covid-19aren 927 kasu baieztatu dira, 850 plazeboa jaso zuen taldean eta 77 txertoa jaso zutenen artean.
Kutsatu guztietatik, 32k gaixotasun larria izan zuten, guztiak plazeboaren taldean.
Gainera, ikerketak erakutsi zuen txertoak antzera funtzionatzen duela Hegoafrikan atzemandako birusaren aldaeraren aurka, eta % 100eko eraginkortasuna erakutsi zuen aldaera hori nagusi den tokian, baina talde txikiago batean, 800 parte hartzailerekin soilik.
"Bigarren dosi bat hartu eta sei hilabetera arte behatutako txertoaren eraginkortasun altuak eta Hegoafrikan nagusitzen den aldaeraren kontrako eraginkortasun altuak konfiantza handiagoa ematen du gure txertoaren eraginkortasun orokorrean", azaldu du Albert Bourla Pfizerreko kontseilari delegatuak.
Mendebaldean baimendu zen lehen txertoa izan zen, eta munduko zati handi batean egiten diren immunizazio kanpainen funtsezko zati bat da.