Gizartea -
Informatika
Martxoaren 19an hasiko da Gipuzkoako Encounterraren 15. edizioa
Informatikazale sutsuak erakartzen dituen bilkurak 456 plaza eskaini, eta partaideei zuzendutako ekintzak egingo ditu martxoaren 19an, 20an eta 21ean
EITB MEDIA
Martxoaren 19an, ostirala, abiatuko da Gipuzkoa Encounterraren 15. edizioa, eta hilaren 28an, igandean, amaituko da. Guztira, 456 pertsonak hartu ahalko dute parte etxeko ekipoak horren sistemara konektatuta; izan ere, pandemiaren egoera zailak ezinezko egin du edizio hau aurrez aurre egitea. Partaideek arte digitalaren lehiaketan, modding-ean eta bideojokoen txapelketetan parte hartzeko aukera izango dute.
Horiek izena eman eta akreditazioa lortu duten lagunentzat soilik egongo dira eskuragarri. Izena eman arren lekurik lortu ez dutenak, edota informatika munduko aurrerapenetan jakin-mina dutenak, zenbait hitzaldi entzuteko aukera izango dute. Hitzaldiak Gipuzkoa Encounterraren asteburu berdinean izango dira, martxoaren 19an eta 20an. Konferentzietara joan aurretik, beharrezkoa izango da izena ematea. 45 bat minutu iraungo dute, eta birtualki eskainiko dituzte.
Bai akreditazioa eskuratzeko izen-ematea bai konferentzietara joateko eskakizunak guztiz doakoak izango dira. Akreditazioa eskatzeko epeari dagokionez, martxoaren 19an bukatuko da, 10:00etan. Partaideek Discord eta Twitch plataformetan hasi beharko dute saioa, horiek izango baitira 2021eko Gipuzkoa Encounter ekitaldiaren agertoki nagusiak.