Gizartea -
ERRESKATEA
'Aita Mari'k 102 lagun erreskatatu ditu Mediterraneoan
Erreskatatutakoen artean zortzi emakume eta haur bat daude. Europako agintariek lehorreratzeko portu seguru bat noiz emango dieten zain daude orain.
EITB MEDIA
Aita Mari ontziak egurrezko txalupa bat aurkitu du egunsentian Tunisia eta Malta artean, gehiegi kargatuta eta noraezean. 102 pertsona zihoazen bertan, zortzi emakume eta haurtxo bat tartean. Salbamendu-txalekoak eman ondoren, erreskatatutako pertsonak Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen ontzira igo dituzte.
Legea betez gero, Europako agintariek gertuen duen portu bat proposatu beharko lioke ontziari pertsona horiek lurreratzeko. Ontzia non dagoen kontuan izanda, Malta izan beharko luke, baina uharteak uko egin dio beti lehorreratzeak baimentzeari.
Afrikako kostaldetik Europarantz irteera asko izaten ari diren une batean erreskatatu dituzte. Herenegun eta atzo, ia 400 pertsona igaro dira Tunisiatik Lampedusa eta Pantelleria Italiako uharteetara. Azken orduetan zabaldutako datuen arabera, bi txalupa hondoratu ziren otsailaren 14an eta 15ean Tunisian (23 hildako) eta Libian (gorpu bat aurkitu dute).