Gizartea -

koronabirusa

Covid-19ak animalia-jatorria du, Munduko Osasun Erakundearen arabera

Txinan egindako ikerketak ondorioztatu duenez, azokako agerraldia atzeman aurretik zegoen birusa Wuhan hirian. Halaber, laborategi batean sortu izana baztertu dute ikerlariek.

Ikerketak ondorioztatu du birusa Wuhanen sortu zela. Argazkia: EFE
Wuhan, iaz.
Munduko Osasun Erakundeak ez du uste birusa laborategi batean sortu zenik

0:58

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren jatorria ikertzera Txinara joandako Munduko Osasun Erakundearen (MOE) ikerlari taldeak ondorioztatu duenez, SARS-CoV-2ak animalia-jatorria du, eta 2019ko abenduan agertu zen Wuhan hirian (Txina).

Ikerlariak urtarrilaren 14an heldu ziren hiri txinatarrera, eta bi asteko koarentena bete ondoren, lehen kutsatzeak izan ziren lekuetan izan dira, hala nola Huanango itsaskien merkatuan.

Peter Ben Embarek MOEko elikagaien segurtasunean eta animalien gaixotasunen aditu eta Wuhango ikerketa-taldeko presidenteak azaldu duenez, ikerketak baztertu egin du birusa laborategi batean sortu zutela.

"Ia erabat baztertu behar dugu birusak laborategi-jatorria duela", azaldu du adituak, eta ikerketa-lerro hori alboratu du.

Lau hipotesi mahai gainean

Wuhanen bertan eskainitako prentsaurreko batean Embarekek azpimarratu du oraindik ez dutela jakin nola sartu zen covid-19a Huanango azokan, baina ziurtzat jo dute aurretik hiriko beste gune batzuetan transmititu zela. Dena den, koronabirusa 2019ko abenduan sortu zela berretsi dute, aurreko ezein data baztertuta.

Animalietatik gizakiengana jauzi egiteko moduaren harira, lau hipotesi ditu MOEk. Lehena, animalia batetik gizaki batera salto egin zuela, zuzenean. Bigarrena, saguzarren edo "gizakiarengandik gertuago dauden bitarteko animalien bidez" gertatu zela. Hirugarren hipotesiaren arabera, izoztutako produktuek edo elikagaiek igorle gisa funtzionatu zuten. Hipotesi horren alde mintzatu da Liang Wannian Txinako Osasun Ministerioko aditu taldeko burua. Argudiatu duenez, baliteke birusa beste herrialde batetik inportatu izana.

"Litekeena da gizakia bitarteko animalia baten bidez kutsatu izana; gehiago ikertu beharko dugu", nabarmendu du Embarekek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Animaliak Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea