Gizartea -
Zigorra jaso ostean
Asier Niebla hiltzeagatik zigortutakoak helegitea aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusian
Defentsak argudiatu duenez, gertakariak hobeto egokitzen dira zuhurtziagabekeriazko homizidio delituari. Horrez gain, genero astungarria baztertu du, "emakume baten kontrakoa" izan behar baitu.
E. G. | EITB MEDIA
Asier Niebla urnietarra hiltzeagatik zigortutako gizasemearen defentsak helegitea aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusian epaiaren kontra. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak 12 urte eta 11 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion dolozko homizidio delitua eta genero astungarria egotzita.
Biktima, Asier Niebla (28 urte), 2018ko urriaren 11n hil zen, bi hilabetez Donostiako Ospitalean koma egoeran egon ostean. 2018ko abuztuaren 12an ospitaleratu zuten, buruan kolpe handi bat zuela.
Gertakaria egun hartako 05:00ak aldera izan zen, Donostiako Aste Nagusiko jaietako lehen egunean. Niebla neska batekin hizketan ari zela, Parte Zaharreko Perujuantxo kaleko taberna baten kanpoaldean, neskaren bikotekide ohiak jo eta lurrera bota zuen.
Aurkeztutako helegitean defentsak argudiatu duenez, gertakariak hobeto egokitzen dira zuhurtziagabekeriazko homizidio delituari. Horrez gain, genero larrigarria baztertu du, horrek "ezinbestean emakume baten kontrako kalte edo min fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoak egotea dakarrelako".
Era berean, hainbat aringarri kontuan hartzea eskatu du zigortutakoaren abokatuak: droga eta alkoholaren eraginpean egotea, haserrealdi betean egotea, bere borondatez aurkeztu izana, egindako kaltea erreparatu izana eta prozesuan justifikaziorik gabeko atzerapenak egotea.
Dolozko homizidioari buruz, defentsak dio "agerikoa" dela zigortutakoak ezin zuela "imajinatu ere" egin "ukabilkada bat emateak —kale egin zuen, gainera— Asierren heriotza eragingo zuenik", ezta "buruan egindako edozein eraso homizidio saiakera izango litzatekeela, eta erasotzailea kartzelan buka zezakeela" ere.
Helegitean, Urnietako Udalak prozesuan izandako jarrera kritikatu du defentsak. Horren ustez, herri akusazioak jarrera "ausartegia, partziala eta axolagabea" eduki zuen epaiketan, eta "hilketa delituari eutsita, auzitegiko medikuen lan bikaina hutsaldu zuen", betiere defentsako abokatuaren ustez.