Gizartea -

Garraioa

AHTren bide berria alboratzeko eta egungo trenbidea hobetzeko eskatu dute Tafallan

Errioxan ezarritako eredua eskatu dute Nafarroarako ere, hau da, gaur egungo bidea hobetzea 200 km/h orduko abiaduran ibiliko den tren moderno eta segurua ezartzeko.

Erdi Aldea Trenaren Alde elkartearen protesta. Argazkia: Adolfo Araiz
Erdi Aldea Trenaren Alde elkartearen protesta.
Erdi Aldea Trenaren Alde elkartearen protesta. Argazkia: Adolfo Araiz

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dozenaka pertsona elkartu dira Tafallan Abiadura Handiko Trenaren bide berria eraiki ordez, gaur egungo trenbidea hobetzeko eskatzeko, eskualdeak trenik gabe geratu ez dadin. Erdi Aldea Trenaren Alde elkarteak deituta, Tafallako tren geltokiaren aurrean bildu dira, AHTren bide berriaren kontrako eta Errioxako ereduaren aldeko pankarten atzean.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Nafarroako Gobernua "tematuta" dago AHTren bide berria eraikitzeko, baina hori "iruzur hutsa" da "bai ekonomiaren, bai gizartearen eta bai ingurumenaren ikuspegitik, etengabeko ustelkeria iturria izateaz gainera".

Proiektu horrek, gainera, trenik gabe utziko luke eskualdea. "Tafallak ezin du onartu trenik gabeko etorkizuna izatea irtenbidea", esan dute.

Elkarteak Errioxako eredua Nafarroara ekartzea eskatzen dute. Azaldu dutenez, Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendarako Ministerioak, Adifek eta Errioxako Gobernuak "gaur egungo Castejon-Logroño bidea hobetzean datzan" akordioa sinatu dute, bertan "tren moderno eta segurua ezartzeko 200 km/h-ra".

Hori da, hain zuzen, Tafallan bildutakoek aldarrikatu duten proiektua Nafarroarako. "Errioxako Gobernuak, Estatuak eta Adifek uste badute bide zati horretarako aukerarik onena dela, zergatik ez da hala Castejon-Tafalla-Iruña-Gasteizerako? Errioxarako balio badu, zergatik ez Nafarroarako?", galdetu dute antolatzaileek.

Eredu hori aukerarik "bidezkoena, bateragarriena, begirunezkoena, berriztagarriena eta bizigarriena" da, antolatzaileen ustez, "premia ekonomiko eta sozialekin bat" egiten duelako, energiaren aldetik "efizienteena" delako eta "Lurrarekin eta ingurunearekin errespetua" duelako.

Horregatik, trena "herritik" eta "200 km/h-ra" igarotzeko, "AHTren bide berriari" ezetz eta "Errioxako ereduari" baietz esan diote Tafallan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Gizartea Gaurko titularrak Tafalla bideoak Eguneko albisteak AHT Euskadi Garraio komuna gaur