Gizartea -

Koronabirusa

Sputnik V txerto errusiarrak % 92ko eraginkortasuna du, 60 urtetik gorakoetan barne

The Lancet-ek iragarritako atariko emaitzak 20.000 parte hartzaileri egindako analisian oinarritzen dira.

Sputnik V txerto errusiarra. Argazkia: Efe
Sputnik V txerto errusiarra. Argazkia: Efe
Sputnik V txerto errusiarra. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako Sputnik V covid-19aren aurkako txertoaren III. faseko entseguetako atariko emaitzek agerian uzten dute bi dosi jasota eraginkortasuna % 91,6koa dela; eta 60 urtetik gorakoetan ere babesa altua da, % 91,8koa hain zuzen.

The Lancet-ek iragarritako atariko emaitzak 20.000 parte hartzaileri egindako analisian oinarritzen dira. Hiru laurdenek txertoa jaso zuten, eta beste laurdenak plazeboa.

Entseguetan 60 urtetik gorako 2.144 pertsonak parte hartu zuten, eta eraginkortasuna % 91,8koa izan zen talde horretan: txertoa ongi hartu zuten eta 1.369 kasutan gripearen sintoma hutsak izan ziren albo kalteak.

Adin horretatik beherakoetan ere albo kalteak antzekoak izan ziren, arinak orokorrean; eta larrien kasuan (ospitaleratzea eragin zutenak) oso gutxi izan ziren bai plazeboen kasuan (% 0,4), bai txertoenean (% 0,2).

Analisia egin zutenen arabera, bat bera ere ez dago txertoarekin lotuta, eta ezta izandako lau heriotzak ere.

Ikerketa horrekin batera, Ian Jones Readingeko Unibertsitateko eta Polly Roy London School of Hygiene & Tropical Medicineko ikerlariek aitortu dute Sputnik V txertoa kritikatua izan dela "gardentasun faltagatik edo gehiegizko azkatartasunagatik", baina azkenean emaitza "argia" dela, eta "txertoaren printzipio zientifikoa agerian" geratu dela.

"Horrek esan nahi du beste txerto bat batu zaiola covid-19aren intzidentzia murrizteko borrokari", azaldu dute.

Lehenengo dosia jaso eta 21 egunera (bigarren dosiaren egunean), txertoa jaso zutenen artean 16ek zituzten sintomak (% 0,1) eta 62k (% 1,3) plazeboa jaso zutenen artean, eta horrek % 91,6ko eraginkortasuna azaleratzen du.

Bigarren mailako analisian, covid-19 kasu larri eta ez hain larrietan duen eraginkortasuna aztertu zuten. Lehenengo dosia jaso eta 21 egunera, ez zen covid-19 kasu larririk edo ez hain larririk izan txertoa jaso zutenen kasuan, eta 20 izan ziren plazeboa jaso zutenen artean, hau da, eraginkortasuna % 100ekoa izan zen covid-19 kasu larri eta ez hain larrietan.

Azterketa ez zen egin dosi bakarraren emaitza zein den jakiteko, baina datuek agerian uzten dute lehenengo dosia jaso eta 16-18 egunera immunizazio maila bat badagoela.

Sputnik V txertoak baimena jaso du, Errusian ez ezik, beste 14 herrialdetan, tartean Hungarian, Aljerian, Serbian, Argentinan, Bolivian, Venezuelan, Paraguayn, Turkmenistanen, Bielorrusian, Kazajistanen, Arabiar Emirerri Batuetan eta Iranen. Txekiar Errepublikak, Mexikok eta Sri Lankak interesa agertu dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medizinak albisteak Txertoak Koronabirusa Industria farmazeutikoa