Gizartea -
Koronabirusa
Astelehen honetan Moderna txertoaren 2.400 dosi jasotzea espero du Euskadik
Moderna txertoaren 52.000 dosi Espainiara heldu dira igande honetan, eta astelehen honetan banatuko dituzte penintsulan, Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.
E. L. | EiTB Media
Astelehen honetan, Moderna konpainiaren 2.400 dosi jasotzea espero du Euskadik, hasiera batean aurreikusitakoa baino egun batzuk geroago, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragan asteartean iragarri zuenez. Horiei Pfizerren beste 15.600 dosi gehitu behar zaizkie, EAEk astero jasotzen baititu.
Modernaren botikaren bigarren banaketa egiteko, egun batzuetako atzerapena izango zela jakinarazi zion Osasun Ministerioak Eusko Jaurlaritzari, sailburuak Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan azaldu zuenez.
Txertoen sorta berria urtarrilaren bukaeran iristekoa zen Euskadira, baina azkenean astelehen honetan ekarriko dituzte.
Euskadira heldu beharreko dosi kopuruari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren arabera, erkidegoak 2.400 dosi jasoko ditu, hasiera batean aurreikusitakoak, Sagarduiren hitzetan. Lehenengo banaketan, urtarrilaren 13an, Modernaren 1.400 txerto iritsi ziren Euskadira.
Sailburuak esandakoaren arabera, Modernaren bidalketa jaso ondoren, osasun profesionalei txertoa emateko protokoloa aplikatzen jarraituko dute, Osakidetzak ezarritako "ordena" beteta.
Bigarren bidalketa
Modernaren txertoaren 52.000 dosi igandean heldu dira Espainiara, eta astelehen honetan banatuko dituzte penintsulan, Osasun Ministerioak ohar batean jakitera eman duenez. Esan bezala, Modernaren bigarren bidalketa da; izan ere, 35.700 dosi urtarrilean iritsi ziren.
Konpainiak ezarritako plangintzaren arabera, orain 520 kutxa heldu dira, bakoitzean 100 dosi, Ministerioak gaineratu duenez.
Dosi kopuruak gora egingo du pixkanaka-pixkanaka, otsailaren amaieran 600.000 jaso arte, Modernarekin itxitako akordioaren arabera.
Modernaren txertoak RNA mezularia erabiltzen du, eta bi dosi hartu behar dira, BioNTech/Pfizer botikaren antzera.
Ministerioak gogorarazi duenez, Modernaren dosiei Pfizerreko beste 1.779.570 gehitu behar zaizkie otsailean. Honenbestez, bi konpainietako 2.340.000 dosi baino gehiago banatuko dira Estatuan.