Gizartea -
Koronabirusa
"Konfinamendu zorrotza", Frantziako Gobernua aztertzen ari den aukeren artean
Koronabirusaren hirugarren olatuari aurre egiteko etxeratzeko agindua 18:00etara aurreratzea ez dela nahikoa izan ondorioztatu du, eta "eszenatoki desberdinak" ditu eskuartean.
agentziak | eitb media
Frantziako Gobernuak ondorioztatu du ez dela nahikoa izan etxeratzeko agindua 18:00etara aurreratzea koronabirusaren hirugarren olatuari aurre egiteko, eta "eszenatoki desberdinak" ditu eskuartean, tartean "konfinamendu zorrotza".
Gabriel Attal Gobernuaren bozeramaileak Ministroen Kontseiluaren ostean azaldu duenez, Emmanuel Macron presidenteak "azterketa gehigarriak" eskatu ditu behin betiko erabakia hartu aurretik (berez asteazken honetan hartu behar zuen).
Hainbat aukera daude mahai gainean, Attalen arabera, "egungo egoerari eustetik konfinamendu erabat zorrotzera". Hala ere, "zail" ikusten du egungo murrizketak ez gogortzea, etxeratzeko aginduaren eragina apartekoa ez dela izan ikusita, telebista publikoak zabaldu duenez.
Gobernuak astelehenean iragarriko ditu neurriak beranduenera jota, izan ere, aldaera berriarekin kutsatzeak bizkortzen ari dela uste du. Britainia Handiko aldaerarenak dira kutsatzeen % 10 inguru Parisen eta inguruan, eta Estatu osoan 3 milioi kasu atzeman dituzte jada.
Azken 24 orduetan 26.916 positibo atzeman dituzte, eta 3.106.859ra iritsi da positibo kopurua osasun krisia hasi zenetik. Gainera, atzo 351 pertsona hil ziren gaitzak jota (guztira 74.456 pandemia hasi zenetik).