Gizartea -
Koronabirusa
Sendagaien Europako Agentziak oniritzia eman dio Moderna txertoari EBn
EMAren arabera, segurua eta eraginkorra da txertoa, eta, beraz, "berorren erabilera baimendu beharko luke Europako Batzordeak".
L.Z. | EiTB MEDIA
Sendagaien Europako Agentziak (EMA) oniritzia eman dio asteazken honetan covid-19aren aurka Modernak garatutako txertoari, 18 urtetik gorako pertsonetan, segurua eta eraginkorra dela iritzita. Horregatik, EMAren arabera, berorren erabilera baimendu beharko luke Europako Batzordeak.
Giza sendagaien batzordeak (CHMP) gaur eman du bukatutzat Moderna txertoaren azterketa, eta ekoizpen prozesuak, kalitateak, osagaiek eta entsegu klinikoan jasotako datuek emaitza positiboak izan dituztela nabarmendu du.
Gauzak horrela, EMAk Europako Batzordearen esku utzi du orain txertoa merkaturatzeko baimena ematea. Horrela balitz, Europako herrialdeetan erabilgarri egongo litzatekeen bigarren txertoa izango litzateke Modernarena. Izan ere, abenduaren 21ean Pfizerren txertoari oniritzia eman zion Sendagaien Europako Agentziak.
"Birusari aurre egiteko erreminta berri bat da txerto hau. Munduko Osasun Erakundeak pandemia deklaratu zuenetik urtebete baino gutxiago igaro den honetan, bigarren txerto bat izateak argi utzi du ahalegin handiak egin eta konpromiso garrantzitsuak hartu ditugula guztiok", esan du Emer Cooke EMAren zuzendari exekutiboak.
18 eta 94 urte bitarteko 30.000 pertsonarekin egindako entsegu klinikoetan oinarrituta hartu dute txertoa baimentzeko erabakia. Entsegu horietan ondorioztatu zuten sintomak dituztenen kasuan % 94,1eko eraginkortasuna izan zuela txertoak.
Era berean, ikerketa horren bidez jakin zuten arrisku taldean zeudenen artean (biriketako gaitz kronikoak, bihotzeko gaixotasunak, obesitatea, eritasun hepatikoak, diabetesa edo VIH) % 90,9ko eraginkortasuna izan zuela. Generoa, arraza eta etnia kontuan hartuta, eraginkortasun bera izan zuen Modernaren txertoak kasu guztietan.
Bi injekzio jarri zizkieten besoan entseguan parte hartu zutenei, lehenengo eta bigarren dosien artean 28 egun igarota. Albo-kalte nabarmenenak hauek izan ziren: injekzioa jaso zuten lekuan mina, nekea, hotzikarak, sukarra, gongoilak hazita, buruko mina, giharretako mina, botaka egiteko gogoa eta gorakoa.
Zentzu horretan, EMAk ziurtatu du txertoaren eraginkortasuna kontrolatzen jarraituko dutela adituek Europar Batasunean erabiltzen hasten den heinean. Horretarako, ikerketa gehiago egingo dituzte aurrerantzean.