Gizartea -
KORONABIRUSA
Sendagaien Europako Agentziak asteazkenean jarraituko du Modernaren txertoa aztertzen
Bilera horretan erabakiko du Sendagaien Europako Agentziak koronabirusaren aurkako Modernaren txertoari oniritzia ematen dion ala ez. Europar Batasunak txertoa onartu aurreko ezinbesteko pausoa da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Sendagaien Europako Agentziak asteazken honetan jarraituko du AEBko Moderna etxeak koronabirusaren aurka garatutako txertoa aztertzen. Astelehenean hasi zen ebaluazioa egiten eta, gaurko etenaren ondotik, bihar segituko du.
"Giza Sendagaien Batzordearen baitan Modernako txertoaren inguruan gaur egin dugun eztabaida ez da amaitu. 2021eko urtarrilaren 6an jarraituko dugu. Gaur ez da Sendagaien Europako Agentziaren jakinarazpen berririk izango", adierazi zuen aipaturiko agentziak astelehen honetan ohar batean.
Aurreikuspenen arabera, Sendagaien Europako Agentziak asteazkeneko bileran erabakiko du Modernaren txertoari oniritzia eman ala ez. Europar Batasunak txertoa onartu aurreko ezinbesteko pausoa da hori.
Europako agentziak bere oniritzia eman bezain laster, Europako Batzordeak txertoa Europar Batasunean jarri ahal izateko prozedura abiatuko du.
Pfizer eta BioNTech etxeek garatutako txertoaren kasuan, Sendagaien Europako Agentziak oniritzia eman eta aste horretan bertan hasi ziren lehen txertoak banatzen Europar Batasunean.