Gizartea -
KORONABIRUSA
MOEk Pfizerren txertoa baliozkotu du, "pauso bat" mundu osoan banatu ahal izateko
Baliozkotze prozesuari esker, UNICEFek edota Osasunaren Erakunde Panamerikarrak koronabirusaren aurkako Pfizerren txertoa eskuratu ahal izango dute, behar duten herrialdeen artean banatzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pfizer eta BioNTech etxeek koronabirusaren aurka garatutako txertoaren larrialdiko erabilera baliozkotu du Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), eta atea ireki dio aipaturiko txertoa munduko herrialde guztietan banatzeari. Duela urtebete pandemia hasi zenetik oniritzi hori jasotzen duen lehendabiziko txertoa da.
Baliozkotze horri esker, herrialdeek txertoa onartzeko beren prozesuak bizkortu ahal izango dituzte, txertoa inportatu eta jendartean banatzeko. Halaber, UNICEF edota Osasunaren Erakunde Panamerikarrari berau erosteko aukera ematen die, behar duten herrialdeetan banatzeko.
"Pauso oso positiboa da covid-19aren aurkako txertoa mundu osoan eskuragarri egotea bermatzeko. Baina nabarmendu nahi dut mundu osoan ahalegin handiagoa egin behar dela lehentasuna duten biztanleen beharrak asetzeko txertoen hornikuntza lortzeko", esan du Mariângela Simão Sendagai eta Osasun Produktuen Sarbiderako OMEren zuzendariorde nagusiak.
Hori dela eta, koronabirusaren aurkako txertoa garatzen ari diren konpainiei eskatu die OMEren esku utz ditzatela beren azterketak, txertoak ebaluatu ahal izateko. "Berebiziko garrantzia du munduko herrialde guztiak zerbitzatzeko eta pandemia gelditzeko beharrezkoa den hornidura kritikoa ziurtatzeak", gaineratu du.
Nazio Batuen Erakundearen arabera, Pfizer-BioNTech txertoak OMEk ezarritako ezinbesteko segurtasun eta eraginkortasun irizpideak betetzen ditu, eta covid-19ari aurre egiteko txertoa jartzearen onurak balizko arriskuak baino handiagoak dira.
Behin OMEk txertoa baliozkotu duenean, erakundeak bere sarea aktibatzen du tokian tokiko osasun agintariei txertoaren berri emateko.