Gizartea -
Auzitegi Gorena
Espetxe iraunkor berrikusgarria berretsi diote Bilbon alaba hil zuen emakumeari
Auzitegi Gorenak frogatutzat eman du amak bederatzi urteko hainbat medikamentu eman zizkiola eta ondoren ito egin zuela. Hilketa 2019an gertatu zen Atxuri auzoko etxebizitza batean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Auzitegi Gorenak berretsi egin du Bilbon bederatzi urteko alaba hil zuen emakumeari ezarritako espetxe iraunkor berrikusgarria. Hilketa 2019ko urtarrilaren 16an gertatu zen Atxuri auzoko etxebizitza batean.
Herri-epaimahaiak azpikeriaz egindako hilketa leporatu zion, biktima alaba eta adin txikikoa izateagatik larrigarria ezarrita. Hala, Bizkaiko Auzitegiak kartzela iraunkor berrikusgarria jarri zion zigor moduan.
Bizkaiko Auzitegiak frogatutzat eman zuen amak hainbat medikamentu emanda intoxikatu zuela umea eta ondoren buruko batekin ito egin zuela. Biktimaren 20 urteko ahizpak konortea galdatuta topatu zituen etxean ama-alabak. Larrialdi zerbitzuetara deitu zuen. Ama suspertzea lortu zuten, baina neskatila hil egin zen.
Defentsak helegitea aurkeztu zuen, baina Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak epaia berretsi zuen eta auzia Gorenera iritsi zen.
Baina Gorenak ere berretsi egin du ebazpen hura, "adituek egindako txostenak oso argiak direlako eta amak berak gertakariak aitortu zituelako".
Halaber, Gorenak dio amaren aurkako frogak "nahikoak eta sendoak" direla eta medikuaren agiriek umea sendagaiekin toxikatuta eta itota hil zela baieztatu zutela nabarmentzen du.
Bestalde, akusatuak emandako bertsioa sinestezina dela dio: gizonezko bat etxebizitzan sartu zela eta alaba hiltzera behartu zuela kontatu zuen. Testigantza hori oinarririk gabekoa dela esan du Gorenak, herri-epaimahaiak emandako ebazpena eta Bizkaiko Auzitegiak ezarritako zigorra berretsita.