Gizartea -

Epaiketa

Lurrera erori zenean hartutako kolpeagatik hil zen Niebla, forentseen arabera

Auzipetuari egindako azterketari buruz auzitegiko medikuetako batek esan du eskuineko eskuan edema sakon bat zeukala eta hatz-koskorrak ubelduta zituela.

Asier Nibelaren heriotzagatik Donostian egiten ari diren epaiketa. EFEren artxiboko argazkia
Asier Nibelaren heriotzagatik Donostian egiten ari diren epaiketa
Asier Nibelaren heriotzagatik Donostian egiten ari diren epaiketa. EFEren artxiboko argazkia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asier Nieblaren heriotzarekin lotuta astearte honetan deklaratu duten forentseek berretsi dutenez, biktima atzeraka erori zen lurrera, eta kolpeak burezurreko traumatismoa eragin zion.

Horixe da, hain zuzen, Gipuzkoako Auzitegian iragan astetik egiten ari diren epaiketaren bosgarren saioan bi adituek (horietako batek autopsia egin zion) adierazi dutena.

Erasoa 2018ko abuztuaren 12an gertatu zen, 05:00etan, Donostiako Alde Zaharreko Perujuantxo kalean. Ustez, 28 urteko biktimari kolpe bat eman zion auzipetuak bere neska-lagun ohiarekin hitz egiten ikusi zuzenean.

Nieblak kolpe handia jaso zuen buruan, eta, Donostiako Ospitalean bi hilabetez koman egon ostean, urriaren 11n hil zen.

Fiskaltzak 12 urteko espetxe zigorra eskatu du erasotzailearentzat, hilketa delitua egotzita. Akusazio partikularrak eta herri akusazioak, aldiz, 20 urteko kartzela zigorra eskatu dute, hilketa azpikeriaz eta ankerkeriaz gertatu zela iritzita.

Erasotzailearen abokatua, baina, ez dator horrekin bat, eta epaiketaren lehen saioan azaldu zuenez, sendagileen txostenek erakusten dute lurrera eroritakoan hartutako kolpearen ondorioz hil zen Niebla.

Gaurko saioan hitza hartu duten bi forentseen deklarazioa ere bide beretik doa, biek ala biek adierazi baitute garezurraren atzealdean biktimak zituen lesioak lurrera jaustean jasotako kolpeak eragin zituela.

Halaber, baztertu egin dute kolpea tamaina txikiko objektu batekin jaso zuenik, eta zehaztu dute kolpe bakarra hartu zuela.

Kolpe horrek ukabilkada batekin zerikusia izan zitekeen galdetuta, bi adituek erantzun dute "oso zaila" dela ukabilkada batek hezur okzipitala haustea, "bereziki Asierren adineko pertsona batean".

"Halere, sakada batek, adibidez, ez du arrastorik uzten, baina oreka galtzera eraman gaitzake", azaldu du profesionaletako batek biktima nola erosi zen zehaztu gabe.

Auzipetuari egindako azterketari buruz auzitegiko medikuetako batek esan du eskuineko eskuan edema sakon bat zeukala eta hatz-koskorrak ubelduta zituela.

Astearteko saio honetan defentsak proposatutako sendagile batek ere deklaratu du, eta forentseek egindako "lan bikaina" goretsi du. "Argi dago guztia. Gaizki erori zen, argitu gabeko arrazoiak tarteko", erantsi du.

Bestalde, defentsaren psikologoetako batek hartu du hitza. "Biktimaren aurkako erasoa haserrealdi edo bulkada batek eragin zuen", esan du.

Bukatzeko, peritu batek adierazi du ezin izan zutela segurtasun kamerek grabatutakoa ikusi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Urnieta Albisteak