Gizartea -
Koronabirusa
Positibo berriek nabarmen egin dute behera EAEn, 464ra, eta apur bat Nafarroan, 93ra
Positibo tasa ere jaitsi da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta % 6 da. Foru Erkidegoan % 5,2ra igo da.
eitb.eus
Aurreko egunean baino positibo gutxiago atzeman dira Hego Euskal Herrian, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan emandako jaitsieraren ondorioz.
EAEn 464 positibo berri erregistratu dira, aurreko egunean baino nabarmen gutxiago (172).
Larunbatean 7.695 proba egin ziren guztira, PCR probak eta test antigenoak batuta, eta positibo tasa % 6 da.
Lurraldeka, Bizkaia da positibo gehien atzeman diren lurraldea, 216rekin. Gipuzkoan 149 izan dira, eta Araban, 96.
Ospitaleen egoerari dagokionez, covid-19aren ondorioz 32 pertsona ospitaleratu dira azken orduetan, eta 116 gaixo ZIUn daude.
Udalerrietako kasuei eta R0 indizeari buruzko datuak astelehenean emango ditu Osasun sailak.
Nafarroan, jaitsiera txikia eman da atzemandako covid-19 kasu berrien kopuruan. 93 positibo zenbatu dituzte larunbatean, Nafarroako Gobernuaren behin betiko datuen arabera.
Positibo tasa % 5,2 da, 1.778 proba egin ondoren (1239 PCR eta 539 antigeno-test).
Horrela, bigarren egunez jarraian Foru Erkidegoan atzemandako kasu berrien kopurua 100dik behera dago (atzo 98 izan ziren). Ostiralean, ordea, 106 izan ziren, aurreko egunean baino 20 gehiago.
Gainera, 53 eta 69 urteko bi gizon hil ziren atzo, eta aurreko egunetan 93 urteko emakume bat hil zela jakinarazi zuten. 922 pertsona hil dira guztira Nafarroan, pandemia hasi zenetik, eta kutsatutakoen kopurua 40.786koa da.
Eremuka, Iruñean eta bere eskualdean atzeman ziren atzo kasu positibo berrien % 59, Tutera alderan % 18, Lizarraldean % 2, eta gainerako % 21a Nafarroa osoan banatuta egon zen.
Adin-tarteen arabera, atzo erregistratutako kasuen artean, talde nagusia 30-44 urte bitartekoa da (kasuen % 23), eta, ondoren, 45-59 urte bitartekoak ( % 22), 15-29 urte bitartekoak ( % 19), 15 urtetik beherakoak ( % 16), 60-75 urte bitartekoak ( % 11) eta 75 urtetik gorakoak ( % 9).
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak adierazi du 160 pertsona daudela ospitaleratuta, horietatik 21 ZIUn.