Gizartea -

COVID-19

Modernak txertoa merkaturatzeko baimena eskatu die AEBri eta Europar Batasunari

Konpainiaren arabera, txertoaren 3. faseko eraginkortasun azterketak % 94,1eko emaitza eman du 30.000 boluntarioren artean, eta ez da albo kalte larririk izan.

Modernaren egoitza nagusia, AEBn. Argazkia: Efe
Modernaren egoitza nagusia, AEBn. Argazkia: Efe
Modernaren egoitza nagusia, AEBn. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Moderna enpresa farmazeutikoak iragarri du COVID-19 koronabirusaren aurkako txertoa merkaturatzeko baimena eskatu behar diela bai AEBko Elikagai eta Sendagaien Administrazioari, bai Europako Sendagaien Agentziari.

Erakunde horiek mRNA (azido erribonukleiko mezularia) txertoaren datuak aztertuko dituzte eta erabakiko dute nahikoa segurua eta eraginkorra den merkaturatzeko.

Konpainiaren arabera, txertoaren 3. faseko eraginkortasun azterketak % 94,1eko emaitza eman du 30.000 boluntarioren artean, tolerantzia ona izan da, eta ez da albo kalte larririk izan.

3. faseko ikerketak txertoa eman eta 2 hilabeteko batez besteko jarraipena izan du, larrialdiko erabilerarako AEBko agentziak eskatzen duena, Modernak ohar batean jakinarazi duenez.

Gainera, konpainiak jakinarazi du txertoaren eraginkortasuna COVID-19 kasu larrienetan % 100ekoa dela.

Abenduak 21

Ondo bidean, eta agentziek onartuz gero, txertoaren lehenengo dosiak abenduaren 21ean emango dituztela aurreratu du Stephane Bancel Modernaren zuzendariak The New York Times egunkarian egindako elkarrizketa batean.

Konpainiaren esanetan, txertoaren eraginkortasuna "iraunkorra" izan da adina, arraza, etnia eta generoa kontuan hartuta, eta emaitzak etengabe berrikusten ari badira ere, "ez da arazo seriorik atzeman".

"Atariko azterketa baikor honek baieztatu egiten du COVID-19 gaixotasuna prebenitzeko % 94,1eko eraginkortasuna duela gure txertoak eta, are garrantzitsuagoa dena, COVID-19 kasu larriak prebenitzeko gai dela. Gure txertoa pandemiaren joera aldatzen eta gaixotasun larriak, ospitaleratzeak eta heriotzak prebenitzen laguntzeko tresna emango digula uste dugu", adierazi du Bancelek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Europa Europako hauteskundeak bideoak Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa