Gizartea -
KORONABIRUSA
15 taldetan eta 3 epetan banatuta egingo du txertaketa kanpaina Osasun Ministerioak
Salvador Illa ministroak azaldu duenez, biztanleria banatzerakoan irizpide hauek hartu dituzte kontuan: hilkortasuna, birusarekiko esposizioa, eragin sozioekonomikoa eta transmisiorako aukera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Osasun Ministerioak koronabirusaren aurkako txertaketa kanpainaren nondik norakoak azaldu ditu gaur goizean. Horren arabera, biztanleria 15 taldetan banatuko dute eta hiru epetan, urtarriletik ekainera, jarriko dute txertoa. Hauek dira herritarrak sailkatzeko kontuan hartu dituzten irizpideak: hilkortasuna, birusarekiko esposizioa, eragin sozioekonomikoa eta transmisiorako aukera.
Lehen taldean ageri dira -oraingoz zehaztuta dagoen bakarra eta 2,5 milioi pertsona ingururi eragiten diena- adinekoen eta ezinduen egoitzetako egoiliarrak, osasun langileak eta langile soziosanitarioak, gainerako osasun langileak eta instituzionalizatu gabeko mendeko pertsonak, Salvador Illa Osasun ministroak prentsaurrekoan azaldu duenez.
Hauek dira talde teknikoaren irizpideak jarraituz osatu dituzten gainerako taldeak: arrisku txiki, ertain edo handiko pertsonak; komunitate edo ingurune itxietan bizi edo lan egiten duten pertsonak, egoera ekonomikoagatik zaurgarriak diren pertsonak, funtsezko jardueretan diharduten pertsonak, irakasleak eta haurrak, nerabeak, gazteak eta 16 urtetik gorako guztiak.
Gainera, biztanleria heldua ere hartu dute kontuan, berriro erortzeko arriskua duten eremuetan edo balizko agerraldiak egon daitezkeen tokietan daudenak, haurdun daudenak eta bularra ematen duten amak, jada immunizazioa dutenak eta seropositiboak diren pertsonak.
Illaren esanetan, 15 talde horietan Espainiako populazio osoa sartu dute. Gaineratu duenez, bigarren eta hirugarren etapan zehaztuko dute lehentasunezko taldeak zeintzuk diren, behin teknikariek txertoen erabilgarritasunari buruzko datuak dituztenean.
Botiken Europako Agentziaren baimena jasotzen duten txertoak "seguruak" izango direla berretsi du Illak, eta behar adinako bermerik ez dutenek ez dutela baimenik izango gaineratu du.
Europar Batasunak dagoeneko sinatu dituen kontratuen arabera, Espainiak 140 milioi dosi eskuratuko ditu 80 milioiko biztanleria immunizatzeko. "Biztanle guztiei emateko eta beste herrialde batzuei elkartasuna adierazteko adina txerto egongo dira", azpimarratu du.
Osasun ministroa baikor mintzatu da eta espainiarrek txertoaren aurrean emango duten erantzuna "oso positiboa" izango dela aurreikusi du. Are gehiago, txertatzea jendetsua izatea espero du.
Dena dela, txertoa jartzea borondatezkoa izango da.