Gizartea -
Koronabirusa
COVID-19aren aurkako txertoa 92 herrialdera zabaltzeko operazioa abiatu du Unicefek
2021ean 2.000 milioi dosi garraiatzeko logistika aztertzen dabil, eta horretarako airelinea nagusienekin eta sektore horretako 35 bazkiderekin bildu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIO
Airelinea nagusienekin eta garraio enpresa handienekin lan egiten hasi da Unicef, COVID-19aren aurkako txertoak 92 herrialdera zabaltzeko asmoz. Inoiz egin duten operazio handiena izango da.
Ohar batean, NBEren haurrentzako agentziak azaldu du 2021ean 2.000 milioi dosi garraiatzeko logistika aztertzen dabilela, eta horretarako airelinea nagusienekin eta sektore horretako 35 bazkiderekin bildu dela; itsas garraioaz arduratzen diren konpainiekin baita.
"COVID-19aren kontrako txertoak bilatzen dabiltzan bitartean, txerto horiek mundu osotik modu arin eta seguruan nola zabaldu aztertzen ari da Unicef", esan du ohar horretan Etleva Kadilli agentziako Hornikuntzen Banaketako zuzendariak.
Egundoko operazioa
Unicefen arabera, kolaborazio horrek ziurtatu behar du inoiz egin duten operazio handiena burutzeko gai direla.
Datozen asteetan, Unicefek garraio aukera guztiak aztertuko ditu bidean gerta litezkeen arazoak eta beharrak aurretik identifikatzeko.
Hala, Unicefek berak, Osasunaren Erakunde Panamerikarrarekin batera, erosi eta banatuko ditu txertoak diru-sarrera txikiak eta ertainak dituzten 92 herrialdetan.
Esperientzia handia
Unicefek esperientzia handia dauka gisa horretako kanpainetan. Izan ere, munduko txerto erosle handiena da.
Urtero, 2.000 milioi dosi erosten ditu gaixotasun ezberdinei aurre egiteko, eta ehunka herrialdetan zabaltzen ditu horiek.