Gizartea -
Koronabirusa
Oxforden eta AstraZenecaren txertoak % 70,4ko eraginkortasuna du
Txertoa bi aldiz ipini behar da eraginkorra izan dadin. Lehen dosia txikia denean eta bigarrena osoa, eraginkortasuna % 90ekoa da. Horren arrazoia zein den argitu behar dute orain ikerlariek.
Agentziak | Erredakzioa
Oxford Unibertsitateak eta AstraZeneca farmazia konpainiak garatutako txerto esperimentalak % 90erainoko eraginkortasuna du, gainerakoak baino merkeagoa da eta mantentzeko errazagoa.
Hala ziurtatu dute txertoa garatu duten ikertzaileek eta AstraZeneca enpresako arduradunek ikerketaren hirugarren faseko behin-behineko emaitzak azaltzeko egin duten agerraldian.
Andrew Pollard eta Sarah Gilbert zientzialariek zuzendu dute ikerketa. Hirugarren fasean 24.000 boluntariok hartu dute parte Erresuma Batuan, Brasilen eta Hegoafrikan. 130 positibo antzeman zituzten eta horietako 30 laguni txerto esperimentala jarri zioten.
Txertoa bi aldiz ipini behar da eraginkorra izan dadin. Eraginkortasun-maila % 70,4koa da bataz beste, baina dosiaren arabera emaitza ezberdina dela egiaztatu dute.
Horrela, bada, lehen dosia txikia denean eta bigarrena osoa, eraginkortasuna % 90ekoa da. Bi dosiak osoak badira, berriz, eraginkortasun-maila % 62ra jaisten da.
Matta Hancock Erresuma Batuko Osasun ministroak esan du txerto esperimental berriak poztasun handia eragin duela komunitate zientifikoan eta aurreratu du Medikamentuen Agentziak laster aztertuko duela bere merkaturatzea baimentzeko aukera.
Pollardek ohartarazi du ikerketa ez dela amaitu eta eraginkortasun-maila dosiaren arabera zergatik aldatzen den argitu behar dutela, baina erantsi du litekeena dela dosi txikiagoarekin sistema immunologikoa hobeto prestatzen dela ondoren dosi osoa hartzeko.
"Oraindik ez dakigu ezberdintasun horren arrazoia dosiaren kalitatean edo kantitatean dagoen", adierazi du. Gilbert irakaslea ere iritzi berekoa da eta nabarmendu du oraindik lan asko dagoela egiteko.
Merkeagoa eta garraiatzeko errazagoa
Bestalde, Pascal Soriot AstraZenecako zuzendari exekutiboak esan du berri ona dela txertoak % 90erainoko eraginkortasuna izatea eta, prestaketa gutxiago behar duenez, jende gehiagori lehenago jartzea ahalbidetu dezakeela azpimarratu du.
Britainiar-suediarrak AEBko Pfizer eta Moderna konpainiek egindako txertoak baino efikazia gutxiago badu ere (% 95ekoa dela iragarri dute biek ala biek), merkeagoa eta mantentzeko errazagoa da.
Martxorako 700 milioi dosi prest izatea aurreikusi du AstraZenecak, eta herrialde pobreentzat irabazi asmorik gabe ekoizteko konpromisoa berretsi du.
.