Gizartea -

Indarkeria matxista

Terrore sexualetik autodefentsa feministara: arreta maskulinitatean jarri beharra

Nerea Barjola ikerlariak feminismoa nabarmendu du emakumeen bizitza kontrolatzen duten indarkeria matxistari eta terrore sexualari aurre egiteko beharrezko erreminta gisa.

M8ko manifestazioa Bilbon. Argazkia: EFE
M8ko manifestazioa Bilbon.
M8ko manifestazioa Bilbon. Argazkia: EFE

Mikel Dominguez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nerea Barjola (Santurtzi, Bizkaia, 1980) politologo feministak hedabideetan barreiatutako terrore sexualaren ideia aztertu du bere ikerketa lanetan: emakumeak beldurraren bitartez zapaltzeko eta kontrolatuta mantentzeko indarkeria matxistaren kontakizun zehatz baten erreprodukzioa; 90. hamarkadako Alcasserko hilketa hirukoitza, esaterako.

Momentu horretatik, feminismoak bere erantzuna eman die emakumeen kontrako indarkeriari eta hedabideetan nagusitzen den kontakizunari. Aktibista gazteen belaunaldi bat da feminismoaren protagonista eta, ikertzaileak azpimarratzen duen bezala, "narratiba horiei oso modu zuzenean aurre egiten diete" eta azkenik arreta indarkeriaren erantzulea den "maskulinotasun hegemonikoan" jartzen dute, eta ez emakumeengan.

Azaroaren 25ean, Genero Indarkeriaren kontrako Eguna. Emakumeen egiturazko indarkeria hau hedabideetan ere erreproduzitzen da. Zein da euren papera?

Komunikabideek oso paper garrantzitsua jokatzen dute, terrore sexuala luze eta zabal hedatzen dutelako. Arrisku sexualari buruzko errepresentazioen bitartez, portaerazko jarraibideak sortzen dituzte hedabideek, eta emakumeei erakusgarri handiko mezuak botatzen dion narratiba helarazten diote: nola jokatu behar duten, zer egin behar duten, non egon daitekeen eta non ez. Komunikabideek gizartearen parte bat dira, eta hortik ez dute soilik indarkeria sexuala sortzen eta erreproduzitzen; berez indarkeria sexuala dira. Hala eta guztiz ere, bidea irekitzen ari den kazetaritza feminista bat dago, kontakizun horiez bereganatzen ari dena, eta hori ikusarazi behar dugu. Bestela, kontakizun matxistari boterea ematen jarraituko dugu, eta ez terrore sexualari aurre egiten dioten narratibei.

Alcasserko hilketak aztertu dituzu zure ikerketan. Nola eragin zion hiru gazte horien hilketak gainontzeko emakumeei? Nola funtzionatzen du terrore sexualak?

Gizarteak eraikitzen dituen arrisku sexualari buruzko kontakizun guztiak dira indarkeria komunikatzeko modu zehatz batzuk. Hortik abiatzen dut nire lana. Hilketa edo tortura sexual bakoitza hitz egiten digun lengoaia bat, irakasten diguna, galdekatzen diguna. Kontzeptualki, narratiba horien bitartez, indarkeria sexualaren delituak modu politiko-feministan (bir)pentsatzea galarazten du gizarteak, statu quo sexuala babestuz eta mantenduz.

Kontakizun guztietan bezalaxe, Alcasserko hilketei buruzko diskurtsoek hildako hiru nerabeengan jarri zuten arreta, egin beharko ez luketen baina egin zuten guzti horri buruz hitz egin zuten. Hiru neskak epaitu zituzten, eta hedaduraz, gainontzeko emakume gazteak. Alcasser narrazio politiko bat izan zen, erakusgarri handiko mezua helarazten zuena: "hau da espazio publikoa hartzen duten emakumeei gertatzen zaiena, eta espazio publikoan egon nahi baduzue ondorioak onartu behar dituzue". Belaunaldi oso baterako zigorra izan zen. Modu horretaz jokatzen du terrore sexualak, beldurraren bitartez emakumeen eskubide oinarrizkoenak murriztuz; gorputzen sumisioa ideien bitartez. Sexu indarkeri kasu bateko zati garrantzitsu bakar-bakarra ez da lagun baten edo batzuen kontra egindako sexu indarkeria, baizik eta besteei botatzen dien mezua. Alcasser garaiko emakume askorentzat mugimenduen murrizketa bat ekarri zuen, jarrerak berrikusi behar izan zituzten, eta gauza batzuk egiteari utzi; autostopa, adibidez, garai horretako elementu urratzailea zena, dudarik gabe.

Ia 30 urte pasatu dira "trauma kolektibo" hartatik. Ezer ikasi al dute hedabideek, edo eskema bera errepikatu da indarkeria sexista kasu mediatikoetan?

Tamalez, albistearen tratamendua aldatu bada itxuran izan da, baina ez edukian. Emakumeen jarreran arreta jartzen duten kontakizunak eraikitzen jarraitzen dira, eta ez bortxatzaileentzat. Haiei errua kentzen zaie eta batzuetan gizarteak indultua ere ematen die. Emakumeen erruduntasuna, sexu indarkeriaren hutsaltzea eta hori existitzea onartzen duen sistema sozial baten zigorgabetasuna oinarri hartuta eraikitzen dira beti narratibak.

Azken kasuen aurrean, 2016ko sanferminetako talde bortxaketa, esaterako, antolatutako feminismoaren erantzuna irmoa izan da, eta entzun egin da. Nola indargabetzen da edo gainditzen da terrore sexualaren mezua?

Sexu indarkeriari testuingurua, izena jartzen dion erreminta da feminismoa. Bere lekuan jartzen du, aldagarri beldurgarria kendu eta garrantzi politikoa ematen dio. Ez da gertakari isolatu bat, indarkeria matxista da, indarrean dagoen araua. Eta hortik, eta autodefentsa feministatik, terrore sexualari aurren egiten ari gatzaizkio. Gaur egungo erantzun feminista irmo horrek narratiba hauei oso modu zuzenean aurre egiten dioten emakume gazte eta indartsuen belaunaldi bat artikulatu du.

Zein da emakumeei geratzen zaien bidea sortutako beldurrari gailentzeko eta euren gorputzaren kontrola berreskuratzeko?

Esaldia birplanteatzea gustatuko litzaidake, eta galdetzea: zein da gizonek ibili behar duten bidea dituzten pribilegioei aurre egiteko eta egiten duten, onartzen duten, baimentzen duten eta mantentzen duten indarkeriaz hausnartzeko?

Garrantzitsua da behingoz begirada eta arreta aldatzea. Hitz egin dezagun maskulinotasun hegemonikoari buruz eta haien gorputzen gainean legislatu behar dugun. Arrisku sexualari buruzko errepresentazio guztiek hitz egin dute emakumeak ezin garen egon lekuez, ordutegiez… Azkenean, sexu indarkeria gure erantzukizuna da, eta ondorioz, ezartzen den zigorra emakumeentzat da. Baina nortzuk dira erasotzaileak?

Haiengan legislatzea eta arreta jartzea proposatzen dudanean, gure ekintzetan baino haien ekintzetan eragiteaz hitz egiten ari naiz. Neurri hori gizonengan hartuko bagenu, askatasunari eta oinarrizko eskubideei buruzko eztabaida piztuko litzateke. Eta hor dago gakoa, gizonen oinarrizko eskubideak unibertsalak dira eta ezin dira ukitu.

Gure aldetik, Assata Sakurren hurrengo esaldia berreskuratu nahi nuke: Inork ez du munduan, inork ez du historian bere askatasuna lortu bere zapaltzaileen zentzu moralari ezer eskatuz. Eta hortik, gure lekua hor dago, borrokatzea hautatu dugu, gure gorputzetatik, autodefentsa feministatik. Feminismorik gabe ez dago aldaketarako aukerarik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa