Gizartea -

Koronabirusa

Illak egitasmo zehatz bat eskatu die testak farmazietan egin nahi dituzten erkidegoei

"Oraingoz, probak Europako Batzordeak ezartzen duen moduan egin behar dira", berretsi du, kualifikatutako langileek egin behar dituztela eta.

Farmazia. Argazkia: Efe
Farmazia. Argazkia: Efe
Farmazia. Argazkia: Efe

agencias | redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antigeno testak farmazietan egin nahi dituzten erkidegoei "nola egin nahi duten" argitzen duen egitasmo zehatz bat eskatu die Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak, orain Europako Batzordeak probak langile kualifikatuek eta ekoizlearen jarraibideetan oinarrituta egitea exijitzen baitu.

"Oraingoz, probak Europako Batzordeak ezartzen duen moduan egin behar dira", berretsi du Illak Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Meridan.

Ministroak "farmazia sareak" ematen duen zerbitzua eta babesa txalotu du eta, horien parte-hartzeari uko egin gabe, erkidegoei eskatu die diagnosiak bertan egin nahi badituzte "nola egin azaltzen duen egitasmo bat" osatzeko.

Gainera, azpimarratu du "garrantzitsuak diren xehetasunak" daudela, tartean koronabirusarekin kutsatutako pertsonen zirkuitu bakandua egongo ote den, ospitale sarean dagoen moduan, eta nola lotu nahi dituzten datuak osasun publikoarekin.

Madril da testak farmazietan egin nahi dituenetako bat, eta dagoeneko jakinarazi du egitasmoa ahal duen azkarren aurkeztuko duela.

Europako Batzordearen aholkua

Bien bitartean, Europaren aholkua da irizpidea, diagnosi azkarreko proba trebatutako osasun langileek egitea, eta soilik PCRa egin ezin denean, fidagarriagoa baita.

Europako Batzordeak uste du PCRa dela orandik "COVID-19aren diagnosi probaren estandar izarra", baina ulertzen du antigenoen testa, azkarragoa eta merkeagoa dena, baina ez horren fidagarria, erabilgarria izan daitekeela laborategiak lanez gainezka daudenean.

"Abantaila handia ematen dute PCR proben aldean, beharrezko gailuen sinpletasunagatik, goi mailako langile gutxiago behar direlako, merkeagoak direlako eta emaitza azkar jasotzen delako, horrek osasun sistemaren presioa arintzen duen heinean", azaldu du EBk argitaratutako txostenak.

"Antigenoen proba azkarra trebatutako osasun langileek edo dagokion gaitutako langileak egin behar du, eta ekoizlearen jarraibideetan oinarrituta", adierazi du Europako Batzordeak.

Bruselaren arabera, "osasun langileak eta laborategikoak" behar dira “laginak jasotzeko, probak egiteko, probak aztertzeko eta emaitzen txostenak osasun langileei eta osasun publikoko agintariei helarazteko".

Batzordeak azpimarratu du, gainera, "une kritikoa" dela, eta askotan "zaintzen ez dena", "lagina jasotzeko unea". Horregatik, lagina "hartzeko eta manipulatzeko protokoloa" edukitzea eskatu du.

EBk ez du baztertzen antigeno probak aireportuetan egiteko aukera, baina aireko segurtasunerako agentziak eta prebentziorako zentroak egingo duten txostenaren zain geratu da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Farmaziak gaur