Gizartea -

MIGRAZIOA

Irungo Udalaren laguntza eskatu du Harrera Sareak aterpetxearekiko arazoa konpontzeko

Erakundeak salatu duenez, aterpetxea migratzaile batzuei bertan lo egitea ukatzen ari zaie eta kanpin-dendak jarri behar izan dituzte gaua kanpoan igaro behar dutenentzat.

Aterpetxearen aurrean jarritako kanpin denda. Argazkia: Koldo Nausia
Aterpetxearen aurrean jarritako kanpin denda. Argazkia: Koldo Nausia
Aterpetxearen aurrean jarritako kanpin denda. Argazkia: Koldo Nausia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irungo Harrera Sareak Udalaren esku-hartzea eskatu du, migratzaileen aterpeak bere irizpideak egokitu ditzan eta igarobidean dauden eta behar duten atzerritarrak onar ditzan.

Gurutze Gorriak kudeatzen duen aterpetxe horrek ostegun gauean bi migratzaileri bertan gaua igarotzea galarazi ziela salatu du erakunde horrek, nahiz eta 50 plazetatik 15 inguru soilik izan okupatuta, ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Oharrean azaldu dutenez, atzo, ostirala, lau migratzailek "kalean lo egin behar" izan zuten; eta hori dela eta, Harrera Sareak bi kanpin-denda jarri zituen aterpetxearen aurrean, gaua bertan pasa zezaten.

Irungo Harrera Sarearean arabera, zentroan ez onartzeko argudioa "Ministerioaren baldintzak ez zituztela betetzen" izan zen.

Muga "praktikan, gaindiezina da migratzaileentzat", Baionako aterpetxea bi astez itxi dute, eta Irunen etxegabeak artatzeko dauden gainerako azpiegiturek "COVID-19aren aurkako protokoloak aplikatzen dituzte eta migratzaileak ezin dira sartu" ohartarazi du harrera sareak.

"Kanpin dendak han egongo dira pertsona horiei irtenbide bat eman arte. Eskumena duten erakundeei eskatzen diegu kontuan har dezatela egungo etxeratze-aginduaren eta pandemiaren testuingurua, eta egokitu ditzatela sartzeko eskakizunak, era horretan, hamaika abusu eta tratu txar instituzional pilatzen dituzten pertsonei kalte handiagorik ez eragiteko" azpimarratu dute.

Adierazi dutenez, "antza denez", Udaltzaingoari abisu eman zitzaion atzo, "espazio publikoa behar ez bezala okupatzeagatik" handik kendu zitzaten, baina Udalak esku hartu ondoren kanpin-dendekin egon ahal izan ziren bertan. Gauzak horrela, Harrera Sareak Udalari eskatu dio "beste pauso bat" eman dezala eta "dituen baliabideak erabil ditzala eskumena duten erakundeei aterpetxera sartzeko irizpideen egokitzapena eskatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa gaur Gipuzkoa EAE Gizartea bideoak Gaurko titularrak Irun albisteak gaur Gaurko azken orduko albistea Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Errefuxiatuak albisteak gaur