Gizartea -
ILARGI-EKLIPSEA
Non eta noiz izango da urteko laugarren eta azken ilargi-eklipsea?
Eklipse honetan, Ilargiak islatzen duen eguzki-argia partzialki estaliko du Lurrak. Dena dela, oraingoan ez da Euskal Herrian ikusteko aukerarik izango.
EITB.EUS
Datorren Azaroaren 30ean, urteko laugarren eta azken ilargi-eklipsea izango da. Dena den, aurreko hirurak ez bezala, ez da Euskal Herrian ikusiko. Zehazki, Amerikan, Asian eta Ozeanian behatu ahal izango dute fenomeno hori.
Ilargi-eklipsea Lurra Eguzkiaren eta Ilargiaren artean jartzen denean gertatzen da. Ilargia Lurrak egiten duen itzal-konoan geldituko da. Hiru motatako ilargi-eklipseak daude: partzialak (Ilargiaren zati bat soilik desagertzen da), osoak (Ilargia Lurrak eragindako itzalpean gelditzen da) eta ilunantzak (Ilargia Lurrak eragindako ilunantzean gelditzen da).
Ilargiak islatzen duen eguzki-argia Lurrak partzialki estali eta gero, Ilargia zertxobait ilunago ageriko da. Hala ere, Lurreko puntu batzuetan ilargi betearen ohiko itxura izango du.
Azaroaren 30ekoa urteko laugarren ilargi-eklipsea izango da, aurretik urtarrilaren 10ean, ekainaren 5ean eta uztailaren 5ean izan baitira.
Eklipsea Euskal Herrian 08:31 direnean hasiko da eta Amerikan eta Asia iparraldean izango da ikusgai. Amaiera, ostera, 11:49an espero da, eta Ipar Amerikan, Asian eta Ozeanian izango da ikusgai azken faseetan. Beraz, 4 ordu eta 8 minutuko iraupena izango du. Eklipsearen puntu gorena Euskal Herrian 10:40 direnean izango da.
Espainiako Institutu Geografikoak argitaratutako mapa honek ilargi-eklipsea non ikusi ahalko den erakusten du:
Fenomeno hau uztailaren 5ean ere gertatu zen, eta 2023ko maiatzaren 5era arte ez da errepikatuko. Afrikan, Asian eta Australian ikusi ahalko da orduan.
Bestalde, abenduaren 14an eguzki-eklipse osoa gertatuko da.
BIDEOA: Horrela ikusi zen urteko lehen ilargi-eklipsea