Gizartea -
Koronabirusa
PPk alarma egoera babestuko du zortzi astekoa bada
Gainera, mugikortasuna lege organiko baten bidez mugatzeko “B plan juridikoa” onartzea eskatu du koronabirusaren aurkako salbuespenezko neurria babesteko.
agentziak | erredakzioa
Pablo Casado PPren presidenteak bi baldintza jarri ditu koronabirusari aurre egiteko helburuz indarrean jarri duten alarma egoerari babesa emateko: gehienez 8 aste irautea, eta "B plan juridikoa" izatea mugikortasuna lege organiko baten bidez mugatu ahal izateko.
Casadok baldintza horiexek jakinarazi dizkio Pedro Sanchezen Espainiako Gobernuari PPk "porrotaren egiaztapena" den horri babesa emateko, azaldu du buruzagi popularrak Madrilen egindako agerraldi batean.
Espainiako Gobernua eta PP harremanetan daude atzotik, eta Casadok espero du "aste honetan hitz egiteko aukera izatea".
Oposizioaren buruak "batasuna" defendatu du, baina alarma egoera, bere esanetan, "ezin da inola ere zortzi aste baino gehiago luzatu". PP hilabete baten aldekoa da, baina bi hilera luzatzeko prest dago akordioa lortze aldera.
Zortzi asteko alarma egoera batek "kurba egonkortzea" ahalbidetuko lukeela uste du Casadok, hiru zubitan (Domu Egunekoa, Almudenakoa Madrilen, eta Konstituzioarena) mugikortasuna mugatuko lukeela eta "eguberriak salbatu".
"Espainiarrei lasaitasuna ere emango die, adinekoei bereziki, kezkatuta eta ia depresioak jota ikusten baitute maiatzaren 9ra arte senideekin ez elkartzea", gaineratu du. Era berean, alarma egoera bukatzerako PPk proposatutako osasun publikoaren lege organikoaren erreforma onartu behar dela azpimarratu du.
Zalantza legalak
Casadok esan du zalantzak dituela alarma egoera sei hilabetekoa izatearen lege egokitasunaz, zeren "alarmaren lege organikoak berak aurreikusten du gai puntualetarako dela", eta Parlamentuaren kontrola ezin dela "asteroko agerraldi batekin ordezkatu".
Haren esanetan, Konstituzioaren aurkakoa da, kontrol jurisdikzionala ukatzen duelako eta aholku europarren aurkakoa delako, "salbuespen konstituzionalak ahal den gutxien" iraun behar duen heinean.
"Korear" irtenbidea
Casadok zalantzan jarri du erkidegoak izatea agintea dutenak, bere ustez Espainiako Gobernua delako arduraduna. "Hori ez da kogobernantza, kogobernantza da 10 orduz batzartzea eta erantzun bateratuarekin ateratzea, Merkelek egin zuen moduan", azaldu du.
Casadok "korear" erako irtenbideak defendatzen ditu "konfinamendu gogorren" aurrean, izan ere, "osasunaren eta ekonomiaren artean aukeratzea arnastearen eta jatearen artean aukeratzea bezala da: arnasarik hartu gabe gutxiago irauten da, baina jan beharra dago".
PPk agintzen duen lau erkidegoek (Madril, Andaluzia, Gaztela Leon eta Murtzia) alarma egoera babestu dute, nahiz eta ez zuten eskatu, baina erabakia berandu hartu izana eta neurria denboran luzeegia izatea kritikatu dute.