Gizartea -

Koronabirusa

Remdesivir sendagaiak ez du balio COVID-19ak eragindako heriotzak ekiditeko

Munduko Osasun Erakundeak egindako ikerketa baten arabera, koronabirusari aurre egiteko remdesivir eta hidroxiklorokina sendagaiak ez dira eraginkorrak heriotzak galarazteko.

Zientzialari bat remdesivir sendagaia eskuan duela. Artxiboko argazkia: EFE
Zientzialari bat remdesivir sendagaia eskuan duela.
Zientzialari bat remdesivir sendagaia eskuan duela. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko Osasun Erakundeak egindako 'Elkartasuna' ikerketaren arabera, remdesivir, hidroxiklorokina, lopinavir/ritonavir eta interferon sendagaiak ez dira eraginkorrak COVID-19arekin ospitalean dauden pazienteen heriotzak ekiditeko.

Sei hilabete eman dituzte ikerketa egiteko. Koronabirusaren tratamendurako medikamentu berriei buruz munduan inoiz egin den entsegu kliniko handiena izan da.

Ikerketan 30 herrialdek baino gehiagok hartu dute parte. Aipatu sendagaiek heriotzak saihesteko balio duten egiaztatu nahi izan dute, pazienteek ospitalean daramaten denbora aintza hartuta, besteak beste.

Azpimarratu dute medikamentu horiek beste erabilera batzuetan –prebentziorako edo sintomarik ez duten herritarrentzako- eraginkorrak diren jakiteko beste hainbat entsegu egin beharko liratekeela.

Bestalde, Munduko Osasun Erakundeak nabarmendu du ikerketa honek erakutsi duela posible dela pandemia batean egon arren nazioarteko entsegu handiak egitea eta osasun publikoarentzat garrantzitsuak diren zalantzak azkar eta ziurtasunez erantzutea.

'Elkartasuna' mundu plataformaren baitan, tratamendu berriak ikertzen jarraituko dutela eta lan-zentro moduan 500 ospitale inguru erabiltzen dituztela jakinarazi dute.

Ikerketaren emaitzak aztertzen ari dira eta xehetasun guztiak medikuntzari buruzko aldizkari batean argitaratuko dituzte.  

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sendagaiak Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea Industria farmazeutikoa