Gizartea -
Koronabirusa
Simonek esan du Nafarroak duela Estatuko eragin-tasa altuena
Foru Erkidegoan 800 kasu daude 100.000 biztanleko, batez bestekoaren bikoitza baino gehiago. Egun bakarrean 444 COVID-19 kasu atzeman dituzte Nafarroan. Positibotasun tasa % 12,6koa da.
EiTB.EUS
Santos Indurain Nafarroako Osasun sailburuak agerraldia egin du ostegun honetan komunikabideen aurrean, COVID-19aren pandemiarekin lotuta erkidegoan hartuko dituzten neurrien berri emateko. Izan ere, azken egunetan nabarmen egin dute gora kasu positiboek erkidegoan. Ildo horretan, Iruñerria itxiko duten galdetuta, Indurainek azpimarratu du oraingoz ez dutela horrelakorik erabaki: "Ikusiko dugu beste neurri batzuk hartu behar ditugun ala ez".
"Nafarroak bizi duen egoera larriak bultzatuta, pandemiaren bilakaeraren eta aurrerantzean emango ditugun urratsen berri eman nahi dugu", esan du. Halaber, "arduraz" jokatzeko eskatu die herritarrei, "COVID-19a indartsu heldu baita gure artera".
Berriro ere, 400 kasutik gora zenbatu dituzte ostegun honetan Nafarroan. Hain zuzen ere, asteazkeneko datuak dira gaur argitaratutakoak, eta zehazki 444 izan ziren atzo Nafarroan atzemandako COVID-19 kasuak, Osasun kontseilariak aurreratu duenez.
Indurainek zehaztu du 3519 proba egin zituzten atzo Nafarroan. Beraz, % 12,6koa da positibotasun tasa. Gainera, 272 pertsona daude ospitalean birusak jota; horietatik 35 zainketa intentsiboen unitatean.
Ospitaletako egoera
Ospitaletan "tentsioa" nabari dela onartu du Indurainek, "nahiz eta uneoro ari diren egoerara egokitzen", koronabirusaren aurkako planari jarraiki.
"Argi dago presioa handitu dela", esan du kontseilariak, eta kutsatzeen hazkundean egin du azpimarra "geroz eta positibo gehiago egon, larri dauden gaixoen eta hildakoen kopuruek ere gora egiten dutelako". Atzo bertan bost pertsona hil ziren Nafarroan.
Indurainek argi utzi du herritarrei "erantzunik onena" ematea dela Gobernuaren helburua, dena den, argitu du bigarren olatu honetan oraingoz baztertu egin dutela kanpaina ospitaleak ezartzeko ideia: "Beste aukera batzuk ditugu, hotel medikalizatuak eta etxez etxeko ospitalizazioa, adibidez".
Estatuko maila altuena
Bestalde, Fernando Simon Osasun Alerta eta Larrialdietako Zentroko zuzendariak azpimarratu du Nafarroan 800 kasu daudela 100.000 biztanleko, Estatu osotik gehien, batez bestekoaren (269) oso gainetik, eta Madrilgo erkidegoaren (450) ia bikoitza.