Gizartea -
KORONABIRUSA
Bruselak tabernak eta kafeak hilabetez ixtea erabaki du
Hiriburuan eta inguruetan neurriak indartzea erabaki du Gobernu federalak, azken asteotan positiboen kopuruak gora egin duelako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Murrizketa gehiago sartu dira indarrean Brusela eskualdean, Belgikan izandako koronabirus kasuen agerraldiaren epizentroan, duela astebete Belgikako gainerako lurraldeetan baino neurri gogorragoak ezarri zituzten arren. Gaurtik aurrera, tabernak, kafetegiak eta dantzalekuak itxita egongo dira hilabetez (jatetxeek irekita jarraituko dute) eta kirol ekitaldietan ez da ikuslerik egongo.
Gobernu federalak hiriburuan eta inguruetan neurriak indartzea erabaki du, azken asteotan kasuen kopuruak gora egin duelako. Azken 14 egunetan, hirian batez beste 502 kasu pilatu ditu 100.000 biztanleko, eta herrialde osoan 245,8 izan dira (% 77 egin du gora, aurreko asteko datuekin alderatuta). Horrela, Madril eta Paris artean kokatu da Brusela, Europan koronabirus kasu gehien izan dituzten hiriburuen podiumean.
Koronabirusaren aurka elkarrekin aritzeko gobernu federalek osatu duten taldearen bozeramaile Yves Van Laethem-ek prentsaurrekoan adierazi duenez, neurri berriek osasun diziplina ezarriko dute egoerak hobera egin arte; "apirilean edo maiatzean", bere aurreikuspenen arabera.
Etxean gonbidaturik izanez gero segurtasun-tartea errespetatzea, maskara erabiltzen ez denean gutun-azal batean gordetzea, ahapeka hitz egitea, gelak ondo aireztatzea eta plater jatekoak ez partekatzea izan dira adituaren gomendioak.
Urriaren 8an, bilera egin dute goi mailako hezkuntzan hartu beharreko neurriak erabakitzeko.
Estatu mailako neurri berriak
Herrialdeak bizi duen egoera epidemiologikoaren aurrean, Belgikako Gobernuak honako neurri hauek ezarri ditu urriaren 30era arte: hilean etxetik kanpo gehienez ere hiru pertsonarekin izan ahal izango da harreman estua; bilera pribatuak gehienez ere 4 pertsonakoak izango dira eta tabernak eta jatetxeak 23: 00etan itxi beharko dituzte. Gainera, "oso gomendagarria" da lana etxetik egitea.