Gizartea -
KORONABIRUSA
19 positibo atzeman dituzte Mutiloako egoitza batean
Adinekoen egoitzan atzemandako 19 positiboetatik hiruk bakarrik dute sintomaren bat, eta horientzat egokitutako zentro batera eramango dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hemeretzi pertsonak eman dute positibo Mutiloako (Nafarroa) egoitza batean. Hiruk bakarrik dute sintomaren bat, eta oraingoz ez dute horietako bat ere ospitaleratu behar izan. Une honetan, guztiak daude isolatuta, egoitzan, baina hiru sintomatikoak hartzeko bereziki prestatu duten egoitza batera lekualdatzea prestatzen ari dira, egoitza sektoreka hobeto antolatzeko.
Hurrengo orduetan, beste 60 egoiliarri eta egoitzako langileei egingo dizkiete PCR probak, baina oraingoz ez dago positiborik zaintzaileen artean. Mutiloako zentroak 167 erabiltzaile ditu, eta, protokoloei jarraituz, bertan behera utziko ditu irteerak eta bisitak, normaltasuna berreskuratu arte.
Azken astean, kasu aktiboen kopuruak gora egin du egoitza-zentroetan, duela egun batzuk Alesbesen agerraldia izan ondoren. Gaur egun, Mutiloan atzemandakoez gain, 88 kasu aktibo daude: sei positibo ospitaleratuta daude, 22k sintomak dituzte baina egoitzetan daude eta 40 kasu egoitzetan daude baina sintomarik gabe. Profesionalei dagokienez, 43 sintomatikok eta 30 asintomatikok eman dute positibo.
Azken orduetan ez da heriotza gehiago izan. Uztailaren 1etik, egoitzetako 10 pertsona hil dira: horietako bederatzi, ospitaleetan, eta hamargarrena, egoitzan batean.
Aniztasun funtzionala duten pertsonen zentroetan, gaur egun, 13 kasu aktibo daude; hiru ospitalean daude, eta bi sintomatiko eta lau asintomatiko, egoitzetan. Adinekoen egoitzetan bezala, ez da beste heriotzarik izan ezintasun eta/edo gaixotasunen bat dutenak artatzeko zentroetan; uztailaren 2tik, bi heriotza zenbatu dituzte horietan.