Gizartea -

Koronabirusa

Azkoien konfinatu egingo du Nafarroako Gobernuak

Herriko kutsatze kopurua Nafarroako batez bestea baino bost aldiz handiagoa da une honetan. Ostegun gauerdian sartuko da indarrean neurria.

Azkoien. Argazkia: ETB
Azkoien. Argazkia: ETB
Azkoien konfinatu egingo du Nafarroako Gobernuak

2:0

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak Azkoien konfinatu egin du, herriko kutsatze kopurua Foru Erkidegoaren batez bestea baino bost aldiz handiagoa dela ikusita.

Udalarekin batera hartu du erabakia Exekutiboak, eta ostegun gauerdian sartuko da indarrean. Horrenbestez, harrezkero ezin izango da herritik atera edo sartu, ezinbesteko bidaia ez bada.

Oraingoz, astebeteko iraupena izango du neurriak, baina luzatu egingo dute egoerak hobera egiten ez badu. Nafarroan konfinatutako lehen herria izango da.

Horrekin batera, Gobernuak beste hainbat neurri hartu ditu Azkoiengo agerraldiak kontrolatzeko:

- Herritarrak ezingo dira seiko edo gehiagoko taldeetan elkartu bizitza pribatuan ere.

- Ostalaritza establezimenduek 22:00etarako itxi beharko dituzte ateak, eta bezero kopurua % 50ekoa izan bearko da (bai barruan, bai terrazetan).

- Dendek eta azokek ere % 50eko edukiera muga izango dute.

- Itxi egingo dituzte hainbat kirol eta kultura instalazio eta parke publiko.

Nafarroako Gobernuaren dekretuaren arabera, neurri horiek urratzeagatik 3.000 eta 60.000 euro arteko isunak jarriko dituzte.

Agerraldiek, gora

Azkoienen 37 positibo izan ziren astelehenean (6.000 biztanle inguru dira), eta koronabirus agerraldiak biderkatu egin dira familia esparruan, batez ere gazteen artean. Herriko jaiak irailaren 6tik 13ra ziren ospatzekoak, baina bertan behera utzi zituzten.

Nafarroako Gobernuak hainbat neurri hartu ditu azkenaldian hainbat lekutan, hala nola Mendillorrin (Iruñea), Tuteran, Zangozan eta Leitzan, baina lehen aldia da herri bat konfinatuko dutena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Azkoien albisteak Koronabirusaren Eris aldaera gaur Nafarroako Osasun Zerbitzua