Gizartea -
Koronabirusa
Nafarroak "toki seguruak" izango ditu zaharren egoitzen inguruetan
Asmoa da egoitzetatik gertu ibilbide jakin batzuk prestatzea, egoiliarrek arriskurik gabeko paseoak egin ditzaten. Erraz heltzeko moduko lekuak izango dira, eta zirkulaziorik gabekoak.
EiTB.EUS
Tokian tokiko udalekin elkarlanean, zaharren egoitzek "toki seguruak" atonduko dituzte adinekoen zentroetatik gertu, egoiliarrek egoitzetatik kanpo ateratzeko aukera izan dezaten. Horrekin, zentro horietako egoiliarren arteko kontaktua murriztea lortu nahi dute. Horixe da, hain zuzen, Maria Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak eta Juan Carlos Castillo NUKFeko presidenteak komunikabideen aurrean eginiko agerraldian iragarri dutena.
"Pertsona zaurgarrien arteko kutsatzeak murriztu nahi ditugu, eta, aldi berean, egoitzatik irten gabe egoteak adinekoengan izan ditzakeen kalte fisiko eta emozionalak gutxitzea bilatzen dugu. Zaharren egoitzetan bizi direnek ez dute zertan gainerakoek baino eskubide gutxiago izan behar", esan du Maeztuk.
Egoera horren aurrean, Eskubide Sozialen Departamentuak udalei proposatu die ibilbide jakin batzuk prestatzea, egoitzen inguruetan. Horrela, adinekoek arriskurik gabeko paseoak eman ahal izango dituzte. Hori bai, erraz heltzeko moduko lekuak eta zirkulaziorik gabekoak izan beharko dira.
Modu seguruan antolatzeko, aukeretako bat da adinekoentzako ordu-tarteak zehaztea, hau da, ordu jakin batzuetan, "leku seguru" horietan zahar etxeetako pertsonak soilik ibiltzea, bakarrik zein zentroko zaintzaileren baten edo baimendutako bisitari baten laguntzarekin.