Gizartea -
Koronabirusa
Munduko Osasun Erakundeak gripearen aurkako txertoa jartzea gomendatu du
COVID-19 eta gripe kasuak aldi berean ugarituz gero, osasun zentroetako eta ospitaleetako lana nabarmen zailduko litzatekeela ohartarazi dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Munduko Osasun Erakundeko (MOE) adituek gripearen aurkako txertoa jartzeko deia egin dute, koronabirusaren pandemia gainditzen lagunduko duela iritzita.
Bi gaitzen sintomak antzekoak izanda, gizartean nahasmena sor daitekeela eta osasun zentroak eta ospitaleak kolapsatu daitezkeelako kezkatuta agertu dira.
"Gripearen aurkako txertoa jartzea gomendatzen dugu, batez ere beste gaixotasun batzuk dituzten pertsonen kasua", adierazi du Mike Ryan MOEren Osasun Larrialdietarako zuzendariak.
Maria Van Kerkhove COVID-19ari aurre egiteko zuzendari teknikoa kezkatuta agertu da, kutsatze kopuruak gorako joera duelako ipar hemisferioan, oraindik gripearen garaia hasi ez denean, eta, beraz, egoerak okerrera egin dezakeelako.
Halaber, "ospitaleetan eta zainketa intentsiboetarako unitateetan artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak nabarmen egin du gora", ohartarazi du.
Joera hori, besteak beste, Espainian, Frantzian, Europa ekialdeko herrialdeetan eta AEBko zenbait estatutan atzeman dutela erantsi dute.
"COVID-19 eta gripe kasuak aldi berean ugaritzen badira, medikuen eta erizainen lana zailduko du kasu larrienak artatzerakoan", esan du Ryanek.
Edonola ere, mundua orain pandemiaren hasieran baino prestatuago dagoela azpimarratu dute.