Gizartea -

Koronabirusa

MOEk dio ez dagoela frogarik mutazio baten ondorioz COVID-19a arinagoa denik esateko

"Mutazio berri bat dagoela iragartzen duen artikulu bat argitaratzen bada, horrek beldurtu dezake, baina birusetan aldaketak uneoro izaten dira", adierazi du Maria Van Kerkhove epidemiologoak.

Mundu osoko 75.000 koronabirus sekuentzia genetiko baino gehiago daude eskuragarri. Irudia: EFE.
Laborategi batean gauzatzen ari diren proba baten irudia.
Mundu osoko 75.000 koronabirus sekuentzia genetiko baino gehiago daude eskuragarri. Irudia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) adierazi du oraindik ez dagoela ebidentzia zientifikorik Hego Koreako zientzialariek Asiako zenbait herrialdetan berriki identifikatu duten koronabirusaren mutazioak gaixotasun arinago bat edo hain hilgarria ez den bat eragiten duela egiaztatzeko.

Maria Van Kerkhove MOEko epidemiologo liderrak astearte honetan prentsaurreko batean baieztatu duenez, une honetan nazioarteko osasun erakundea espezialista talde batekin lanean ari da birusaren sekuentzia genetikoan gerta daitezkeen aldaketak ulertzeko.

"Mutazio berri bat dagoela iragartzen duen artikulu bat argitaratzen bada, horrek irakurlea beldurtu dezake, baina birusetan aldaketak uneoro izaten dira. D614G izeneko birusaren mutazioan aldaketak ikusi ditugu; otsailetik hona ibili den zerbait da, eta Europan eta Ipar Amerikan nagusi zen anduia, orain, Asiara itzuli da", azaldu du adituak.

Van Kerkhovek nabarmendu du birusa monitorizatzen jarraitu behar dela, aldaketak ulertzeko eta mutazio garrantzitsuak zein diren edo modu ezberdinean jokatzen duten zehazteko.

Herrialdeen arteko hilkortasun indizeetan dagoen aldeari dagokionez, heriotzak aldatzeko arrazoi ugari daudela adierazi du adituak. Hala, gogora ekarri du Hego Korean, adibidez, kutsatutako lehen pertsonak gazteak izan zirela, aurretik azpiko gaitz gutxiago zituztenak. "Orain arte, mundu osoko herrialdeen 75.000 sekuentzia genetiko baino gehiago daude eskuragarri, eta horrek jarraitu egin behar du", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak gaur Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea