Gizartea -

Getxo

Algortako "ez jaietan" bildutako ehun bat lagun sakabanatu ditu Ertzaintzak

Gainera, pertsona bat salatu dute maskara ez eramatea eta agenteei errespetua faltatzea leporatuta, eta beste bat identifikatu dute ertzainei objektuak botatzea egotzita.

Algortako taberna zonaldearen irudia, bart (Getxo). Iturria: EiTB
Algortako taberna zonaldearen irudia, bart (Getxo)
Algortako taberna zonaldearen irudia, bart (Getxo). Iturria: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Algortako taberna zonaldean bildutako 100 bat pertsona inguru sakabanatu ditu Ertzaintzak larunbat goizalde honetan, COVID-19agatik ezarritako osasun neurriak bozgorailu bidez oroitarazi ostean. Koronabirusagatik San Inazioko jaiak bertan behera geratuta ere, jendez gainezka egon dira bart Algortako tabernak eta terrazak.

23:00ak baino arinago Ertzaintzak dispositiboa zabaldu du Getxoko auzo horretan, COVID-19agatik ezarritako neurriak, edukiera eta ordutegiak gaueko aisialdiko lokaletan betetzen ari zirela bermatzeko. 01:00ak baino minutu batzuk lehenago, patruila anitz azaldu dira Nikolas Deuna plazan, eta pertsona bat salatu dute maskara ez eramatea eta agenteei errespetua faltatzea leporatuta.

02:00ak aldera, Amezti kaleko zonaldean, behin bertako tabernak itxita, 100 bat lagun zeuden kalean bilduta. Hortaz, zenbait patruila bertaratu dira eta bozgorailu bitartez maskara eramateko betebeharra eta kalean edateko debekua gogoratu diete. Hainbat lagunek objektuak bota dizkiete agenteei; hori dela eta, zonaldea hustu, eta pertsona bat identifikatu dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Getxo Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Osasun albisteak Koronabirusa Deseskalatzea