Gizartea -
COVID-19
MOxATech, koronabirusa indargabetzeko gai den Portugalgo maskara
Apiriletik salgai dago, baina birusa indargabetzeko gaitasuna orain baieztatu du Lisboako Joao Lobo Antunes Molekula Medikuntza Institutuak.
Agentzia | Erredakzioa
COVID-19aren birusa indargabetzeko gai den maskara bat garatu dute Portugalgo zenbait enpresek eta zentro zientifikok elkarlanean. Lisboako Joao Lobo Antunes Molekula Medikuntza Institutuak (iMM) maskaren fidagarritasuna bermatu du.
MOxATech maskara apiriletik salgai dago, baina birusa indargabetzeko gaitasuna orain baieztatu du iMMk, proiektua osatzen duten erakundeek gaur ohar batean jakitera eman dutenez.
Maskarak birusa indargabetzen duen estaldura bat du. Aldalberto ekoizleak, MO enpresa txikizkariak, Sonae Fashionek, CITEVE teknologia zentroak, iMMk eta Universidade do Minhok garatu dute lankidetzan.
Pedro Simas iMMko birologoak probak zuzendu zituen. Simasen hitzetan, probek “SARS-CoV-2 birusaren indargabetze eraginkorra egiaztatu dute, baita 50 aldiz garbitu ondoren ere; ordubete maskarako ehundurarekin kontaktuan izan ondoren birusaren % 99 desagertzen da”.
COVID-19aren birusa indargabetzeko eraginkortasuna iMMk baieztatu baino lehen, maskara H1N1, Corona-type eta rotabirus izenekoei aurre egiteko baliagarria zela egiaztatu zuen Lilleko (Frantzia) Institut Pasteurrek.
Maskarak ehundura teknikoa eta zenbait geruza ditu. Iragazgaitza eta berrerabilgarria da. Bestalde, Frantziako Direction Generale des Entreprisesen ziurtagiria jaso zuen maskarak, partikulen % 96ri eusten zielako, baita 50 aldiz garbitu ondoren ere.
Maskara Portugalgo MO markaren dendetan bakarrik dago salgai oraingoz, Europar Batasuna osoarentzako bada ere. Portugalgo eta atzerriko beste marka batzuei maskara banatzeko aukera eman diete.