Gizartea -
Koronabirusa
Munduko Osasun Erakundeak adierazi du txertoa ez dela 2020an merkaturatuko
Maria Neira MOEren Osasun Publiko eta Ingurumen Saileko zuzendariak esan du COVID-19aren aurkako txertoa "agian" 2021eko hasieran merkaturatu ahalko dela.
Agentziak | Erredakzioa
Maria Neira Munduko Osasun Erakundeko (MOE) Osasun Publiko eta Ingurumen Saileko zuzendariaren arabera, COVID-19aren birusaren aurkako txertoa ez da aurten prest egongo, baina aste gutxiren buruan tratamenduen inguruan "albiste onak" zabalduko direla ziurtatu du.
'Conversaciones 2020' topaketetan, Neirak adierazi du "agian" 2021aren hasieran koronabirus berriaren aurkako txertoa merkaturatu ahalko dela, baina ohartarazi du "errealistak" izan behar direla, eta urtea amaitzeko sei hilabete bakarrik falta direnez, ez duela garatzeko denborarik emango.
"Aurten oso zaila ikusten dut, azelerazio handia egon arren, eta herrialde guztien zein Munduko Osasun Erakundearen laguntza ahalik eta handiena izan arren, prozesu ugari jarraitu behar dira txertoa merkatura noiz aterako den ziurtatzeko", azpimarratu du Munduko Osasun Erakundeko agintariak.
Hala ere, tratamenduei dagokienez, Nazio Batuen Erakundeak farmako hidroxiklorokinarekin egindako ikerketak berrabiarazi ditu, aldi baterako eten ostean, heriotza eta bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua handitu daitekeelako. Neiraren esanetan, aste gutxi barru jakingo da pazienteentzat onurarik ekartzen duen ala ez.
Azkenik, MOEren Osasun Publiko eta Ingurumen Saileko zuzendariak adierazi du egun erabiltzen ari diren eta Munduko Osasun Erakundeak balioesten dituen tratamenduek "albiste onak" ekarriko dituztela aste pare bat barru.