Gizartea -
KORONABIRUSA
Hidroxiklorokinarekin kritiko azaltzen zen ikerketaren hiru egilek atzera egin dute
Erabilitako datuen egiazkotasuna ezin dela bermatu adierazi dute. 'The Lancet' aldizkarian argitaratutako lanak zalantzan jarri zuen COVID-19a duten gaixoengan hidroxiklorokina erabiltzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
COVID-19 gaitzaz kutsatutako pazienteak tratatzeko hidroxiklorokina erabiltzearen arriskuei buruz The Lancet aldizkari zientifikoak argitaratutako ikerketaren egileetako hiruk dokumentua atzera botatzea erabaki dute, ezin izan baitute bermatu erabilitako datuen egiazkotasuna.
Hiru zientzialariek gogorarazi dutenez, hilaren 22an ikerketa argitaratu ondoren, "Surgisphere Corporation enpresak eta haren sortzaileak emandako datuen eta egindako analisien egiazkotasunari buruzko zenbait kezka agertu ziren". Surgisphere Corporation osasun-arretarekin lotutako datuak aztertzen dituen enpresa estatubatuar bat da, eta haren sortzailea den Sapan Desai ikerketaren sinatzaile gisa ere agertzen da.
Erresuma Batuko aldizkari zientifikoari bidalitako ohar batean, hiru egileek uste dute dagoeneko ezin dutela bermatu euren azterlanerako erabili zituzten "jatorrizko datu-iturrien egiazkotasuna", eta, aldi berean, barkamena eskatzen diete bai argitalpenaren editoreei, bai eta irakurleei.
The Lancet aldizkariak, bere aldetik, zuzentasun zientifikoaren nondik norakoak "oso serio" hartzen dituela adierazi du, eta Surgisphere enpresaren eta ikerketa horretan ustez erabili ziren datuen inguruan "galdera asko" egin behar dituztela gaineratu du.
Hori dela eta, Argitalpenen Etika Batzordearen eta Mediku Aldizkarien Editoreen Nazioarteko Batzordearen gidalerroei jarraituz, uste du Surgisphere erakundearen ikerketa-kolaborazioen "berrikuspen instituzionalak" behar direla lehenbailehen
Ikerketa atzera bota duten egileak Mandeep Mehra, Bostongo Emakumeen Brigham Ospitalekoa (AEB); Frank Ruschitzka, Zuricheko Unibertsitate Ospitalekoa (Suitza) eta Amit Patel, Utahko Unibertsitatekoa (AEB) dira.
The Lancet aldizkariaren oharra Twitterren, azterlaneko lau egiletako hiruk egindako adierazpenaren berri emanez:
Datuen egiazkotasunari buruzko zalantzak
Surgisphere Corporation enpresak azterlanerako emandako datuek sortutako zalantzak ezagutu ondoren, hiru egileek enpresa horren inguruko azterketa independente bat egitea eskatu zuten "Sapan Desairen baimenarekin".
Aipatu azterketaren xedea zen datu-basearen elementuen jatorria ebaluatzea, "datu-basearen zuzentasuna baieztatzea eta aurkeztutako analisiak erreproduzitzea".
Horren aurrean, Sugisphere enpresak ikuskatzaile independenteei jakinarazi zien ez zituela "datu guztiak" emango, izan ere, "transferentzia horrek bezeroekiko akordioak eta konfidentzialtasun-baldintzak urratuko lituzke". Ondorioz, ezin izan zuten azterketa hori egin, hiru egileek oharrean azaldu dutenez.
Zientzialarien esanetan, ikerketak "jarraibide etiko eta profesional gorenei jarraikiz" egin nahi izan dituzte beti, eta gaineratu dute ezin dutela "inoiz" ahaztu estandar altuei "atxikitzen zaizkien datuen iturrien" menpe daudela, eta hori horrela izan dadila ziurtatzeko erantzukizuna dutela.
Horregatik, eta gertatutakoa kontuan hartuta, "dagoeneko ezin dugu jatorrizko datu-iturrien egiazkotasuna bermatu", idatzi dute orain ikerketa atzera bota duten hiru egileek.
"Guztiok sartu ginen lankidetza horretan fede onez eta premia handiko une batean, COVID-19aren pandemian, laguntzeko. Barkamena eskatzen dugu zuekin, editoreekin eta aldizkariaren irakurleekin, horrek eragin dezakeen edozein lotsa edo eragozpenengatik ", esanez amaitu dute egileek euren adierazpena.
MOEk berriro heldu die saiakuntzei
Aipatutako azterlanaren arabera, koronabirusa duten gaixoen artean klorokina edo hidroxiklorikina erabiltzeak haien heriotza-tasa igotzen zuen, eta, ondorio horren aurrean, Munduko Osasunaren Erakundeak (MOE) medikamentu horrekin egiten ari ziren saiakuntzak aldi baterako etetea erabaki zuen.
Aitzitik, saiakuntza horiei berrekingo ziela jakinarazi zuen asteazken honetan, hau da, The Lancet aldizkariak ikerketa horren inguruko ohar bat argitaratu zuen egun berean, bertako "datuei buruzko zalantza zientifiko garrantzitsuak" agertu zirela ohartaraziz.
Tedros Adhanom MOEko burua hidroxiklorokinaren saiakuntzekin jarraituko dutela azaldu zuen: