Gizartea -
Donostia
Hiru eraikin hustu dituzte Donostian, metroko lanek eragindako zulo baten ondorioz
Zuloa agertu den eraikinaren egituran kalterik izan ez dela ziurtatu dute udal teknikariek eta metroko obraren arduradunek.
agentziak | erredakzioa
Donostiako metroaren lanek eragindako 20 metroko kubiko inguruko zulo baten ondorioz, eraikin bat jendez hustu behar izan dute goizean Kontxako pasealekuan.
Erakin hori Zubieta kaleko 8. zenbakian dago, eta haren ondoan dauden beste eraikin bat eta Londres hotela ere jendez hustu behar izan dituzte.
Bizilagun batek eman du abisua goizean, eraikinaren sotoan zulo handia ikusi duenean. Metroko obraren arduradunek 13:00ak aldera izan duten ezbeharraren berri.
Jon Chavarri Donostiako Udaleko Hirigintza zuzendariak zehaztu du erakinaren oinarrietako batean izan direla kalteak.
"Harea kentzerakoan, zimendatzea desagertu egin da, baina ez dago arrakalarik egitura gaizki dagoela esateko. Zuloa hormigoiarekin beteko dute", azaldu du.
Euskal Trenbide Sareak –obraren arduraduna- adierazi du "segurtasun berme guztiak" dituztenean bueltatuko direla bizilagunak euren etxeetara. "Segurtasuna bermatuta egon arte, metroaren lanak geldituta egongo dira", erantsi du.
Obraren arduradunek arduragabekeriaz jokatu izana ukatu dute
Bestalde, Jose Mari Gutierrez obrako zuzendari-teknikoak aitortu du ez zirela jabetu metroaren tunela eta erakina lotuta zeudela, tartea 120 metrokoa delako.
Tunel bat egiterakoan ura sartzea eta horrek zuloak eragitea ohikoa dela adierazi du. Alabaina, ura aipatu erakinaren azpiraino iritsi dela eta oinarri baten zimendatzea aurretik eraman duela azaldu du.
Udalak eta Euskal Trenbide Sareak esandakoaren ildotik, arrakalarik ez dagoela eta eraikinaren egituran kalterik izan ez dela berretsi du.
Ezbeharra metroko lanek eragin dutela onartu du, baina arduragabekeriaz jokatu izan ukatu du.
Aipatu eraikinak jendez husteaz gain, Kontxako pasealekuaren zati bat eta Zubieta kalea itxi egin dituzte. Oinezkoak eta zirkulazioa beste kale batzuetatik bideratu dituzte.
Eneko Goia alkateak esan du zuloa agertu den eraikineko bizilagunei Udalak aterpea eskainiko diela, eta ondoko eraikinetakoak ostiral honetan bertan itzuli ahalko dira.
EH Bilduk lanak berehala gelditzea eskatu du
Ezbeharraren berri izan ostean, metroaren lanak berehala gelditzeko eskatu die EH Bilduk Eneko Goia alkateari eta Eusko Jaurlaritzari.
"Istripuen larritasuna goraka doa eta obra gelditzeko eta segurtasun neurri guztiak aztertzeko unea iritsi da", ohartarazi du.
Koalizio soberanistak gogoratu du metroa eraikitzen ari diren beharginen lan-baldintza txarrak salatu dituztela sindikatuek, baita alarma-egoeragatik eraikuntzako jarduerak eteteko agindua indarrean zegoen arren, lanera joatera behartu zituztela ere.
Horrez gain, EH Bildu Eneko Goiaren premiazko agerraldia eskatuko du, gertatutakoaren xehetasunak eman ditzan eta herritar guztien segurtasuna, eta batez ere metroa igaroko den kaleetako eraikinetako bizilagunena, bermatzeko hartuko dituen neurriak azal ditzan.
Satorralaia elkarteak ohartarazi du eraikin gehiagotan badirela arazoak
Bestalde, Satorralaia elkarteak Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du metroa eraikitzerakoan inguruko eraikinetan kalteak izango zirela kontuan hartu ez duela iritzita.
Halaber, plataformak ohartarazi du Zubieta eta Easo kaleetako beste eraikin batzuetan ere izan direla arazoak.
"Sintoma horiek erakusten duten egituran desoreka bat ematen ari dela eta lurrazpiko azpiegitura handik honek arriskuan jarriko dituela Donostia erdiguneko eta Amarako eraikin zaharrak, hareatza gainean eraikita baitaude", adierazi du.
Horrez gain, etxebizitzetan arrakalak edo bestelako kalteak antzeman ostean herritarrek jarritako salaketen kopuruak gora egin duela nabarmendu du.